Chloe Calmon eta Justin Quintal irabazle, Noosa Longboard Open lehiaketan
Lehen aldiz abian den munduko longboard zirkuituko lehen proba Chloe Calmon eta Justin Quintal lehiakideek irabazi zuten Australiako Noosa urautsian.

Itsasoak eta haizeak laguntzen badute, ipar-ekialdean dagoen Noosa urautsiak metro bateko eskuin olatu luze eta perfektuak eskaintzen ditu. Klima tropikala duen Quenslandeko eskualdean ura garbia da, berde kolorekoa, eta hondartzak zuri-zuriak dira. Itsaski indartsuak ez dira maiz izaten; beraz, olatu txikietako leku bat da, baina longboard modalitatea maite duen edonorentzat paradisua da.
Aurten lehen aldiz mundu mailako longboard txapelketa bakar bat egin beharrean, lau txapelketaz osatutako zirkuitu bat egitea erabaki zuen WSL erakundeak, eta joan den asteburuan Noosan amaitu zuten txapelketa itzuli horretako lehen lehiaketa izan zen.
Mutilen zein nesken kategorian lehia gogorra izan zen. Horren adierazle garbia izan ziren finalean izan ziren lehiakideek eskuratu zituzten puntuazioak, oso alde txikiagatik irabazi baitzuten, bai Chloe Calmon brasildarrak, baita Justin Quintal estatubatuarrak ere.
Chloe Calmon
Noosako urautsia famatua bada, bertan izaten diren eskuin olatu luze eta garbiengatik da, baina munduko longboard txapelketak iraun zuen artean ez zen itsaski handirik izan eta ondorioz, itsasaldiaren arabera, txanda batzuk eskuinaldean egin zituzten eta beste batzuk, ezkerraldean. Finalean, esaterako, lehiakide guztiek ezker olatuak hartzeko hautua egin zuten.
Chloe Calmon surflari brasildarra eta Honolua Blomfield hawaiiarra izan ziren buruz buru nesken finalean. Arin aritu ziren, taularen gainean dantzan ariko balira bezala, eta ondorioz, epaileek puntuazio altuekin saritu zituzten.
Bi lehiakideek olatu on asko egin zituzten, baina bi olatu onenak dira balio dutenak, eta azkenean, lehiakide brasildarra gailendu zen. 13,66 puntu bildu zituen Calmonek bere bi olatu onenekin, eta, ostera, Blomfieldek 13,03 puntu lortu zituen. Beraz, alde txikiagatik nagusitu zen Calmon.
Justin Quintal
Mutilen kategorian ere antzeko zerbait gertatu zen. Justin Quintal estatubatuarrak eta Steven Sawyer hegoafrikarrak ezker olatu asko hartu zituzten, eta puntuazio altuak jaso zituzten, baina azkenean, alde txikiagatik, Quintal nagusitu zen. 16,37 puntu egin zituen Quintalek, eta 16,10 puntu, Sawyerrek.
Edourd Delpero Bidarteko surflaria bosgarren errondan kaleratu zuten, baina 7,60 puntu eman zizkioten olatu batekin bosgarren errondako puntuazio altuena eskuratu zuen.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
