Maider IANTZI
IRUÑEA

Zortzikote berritua, Nafarroako euskal kulturaren plaza handian

Oparia, ikaragarria, bertsogintzaren eta euskararen aldeko bultzada, plaza handia, ilusioa, izugarri polita, bertso onen gogoa... Hitz horiekin definitu dute finalistek martxoaren 23an Anaitasunan jokatuko den Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Gonbidatuta zaudete.

Nafarroako euskal kulturaren erreferentzia nagusietako bat da Bertsolari Txapelketa. Lan isilaren fruitua; bertzeak bertze, 2.500 ikaslerengana ailegatzen den “Bertsolaritza irakaskuntzan” programarena. 30 bertsolarik eman zuten izena 44. aldiz egiten ari den ekitaldian eta, kanporaketa aurrekoak igarota, 24 abiatu ziren Tuteratik herrialdearen berdeak, horiak eta gorriak zeharkatzera.

Bertsoak eta euskara zabaldu ondotik, zortzi lagun iritsi dira azken plazara, gozamen une gorenera: Eneko Lazkoz Martinez, Xabier Terreros Gartzia, Joanes Illarregi Marzol, Eneko Fernandez Maritxalar, Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol, Julen Zelaieta Iriarte eta Xabi Maia Etxeberria.

Atzo martxoaren 23an finala jokatuko den lekuan, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, elkartu ziren. Batzuk hitzordua baino dezente lehenago ailegatu eta bueltaka zebiltzan, urduritasunak askatzen.

Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariarekin, finala antolatzen lagundu duen Iruñeko Udaleko Maider Beloki Kultura zinegotziarekin, Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzailearekin eta kazetari andanarekin batera, laguntasun giro goxoan eman zuten prentsaurrekoa. Bukatzean, bazkaltzera joan ziren elkarrekin.

Haize berria

Julen Zelaietak (Bera, 1980) 11. finala du. 2008an txapeldun izan zen. «Oparia» da berarentzat plaza. «Txartela garesti dago eta aurten kanpoan gelditzea tokatuko zitzaidala uste nuen». Final-laurdenetan ez zuen gozatu, tentsio handia zuelako, eta finalaurrekoetan hobeki sentitu zen. «24 orduz zintzilik egon nintzen [finalean izanen zen ala ez jakiteko kideen puntuazioaren zain], baina eroso».

Xabat Illarregi (Leitza, 2001) da, anaia Joanesekin batera (Leitza, 1999) haize berria, zortzikotea gaztetu duena. Xabatek aurtengoa du lehen Nafarroako Txapelketa. Saioz saio sentsazio ezberdinak izan zituen, «irregularrak», eta berarentzat finala «ikaragarria» denez, besta handi bat bezala hartuko du. Aurreko saioetan baino erregularrago aritu nahiko luke.

Pertsonalak eta kolektiboak

Eneko Fernandez (Lesaka, 1977) osasun arazoekin iritsi da bere laugarren finalera eta horrek baldintzatu du. «Kosta zait prestatzea. Saioetan, aldiz, gozatu dut, inoiz ez bezala agian». Helburu kolektiboek (bertsogintzari eta euskarari bultzada ematea) eta indibidualek (gozatzea) animatu dute.

Eneko Lazkozek (Etxarri Aranatz, 1983) «ia oharkabean» hasi zuen bere seigarren finalera eraman duen ibilbidea. «Lehenengo saiora ez nintzen joan behar nuen bezala eta xelebre aritu nintzen. Haserre itzuli nintzen etxera. Bigarrenean jarrera aldatu eta gustura gelditu nintzen». Finalean bide horri jarraitu nahiko lioke.

Xabi Maia (Elizondo, 1981) helduaroan hasi zen bertsotan eta bera ere “gaztea” da finalean: bigarrena du. Aitzineko Txapelketa Nagusian sufritu egin zuen eta bere buruarekin bakeak egiteko helburuarekin hasi zuen Nafarroakoa. «Tenple onarekin eta fresko» sentitu da eta ederki betea du jada xedea.

Joanes Illarregik sufrimendutik eta gozamenetik izan du saioetan eta orain, tentsio gutxiagorekin, ongi pasatzera doa. Xabier Terrerosen (Lesaka, 1981) bidea «ederra» izaten ari da. Bertso eskolako lagunekin elkartzeko animatu zen txapelketara eta berak ere primeran bete du xedea. Faborito batzuen izenak dabiltza jendearen ahotan, eta «egin dezatela bertsotan, badaezpada», abisatu zuen “Terre”-k.

Faboritoez solasean, Julio Sotok (Gorriti, 1987) lautan jantzi du txapela. Egungo txapelduna da, eta inoizko «zelebreena» izan da berarentzat txapelketa. «Fresko iritsi nahi eta berdeegi harrapatu» zuten final-laurdenek eta finalerdietan bai, «sentsazio onak» izan zituen.