Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Piku gizajoak!

Udaberria datorrenean mutil gazteak alaitu…», ez dut gehiago gomutatzen garai hartako kantuaz. Kanta zaharrak, molde zaharrak, lege zaharrak. Tira, udaberriaren harira! Loretan jantzita heldu berri zaigu urtaroa, han-hemen, tenperaturaren goxoaz. Balkoiak ere loretan dira, eta Kataluniakoak horitan ere, xingola horitan. Baina hango horia gorriarekin batera ez dagoenez, konstituzio zer horrek agindutako neurri, tamaina eta osaeraz behinik behin egon ez, orduan debekua jaun eta jabe! Debeku-Estatua baita beheko hori. Amen!

Lurretik, airetik eta itsasotik piperpotoaz agintzen duen Estatu zer hori, finean. Mediterraneoan paterei laguntza emateko denbora izan ez eta Kantauriko itsasoan hegazkin-ontzi batek turismoan agindu, hemengo kostaldeko udalen hitzak hemengo kostaldean baliorik ez duela. Pikutara doazela ontzia, hegazkinak eta hegazkin-ontziari izena eman ziona bera ere, eta ez ordena honetan prezisamente! Pikutara behingoz! Piku gizajoak!

Debeku-Estatua, bai gero! Nafarroako Legebiltzarrak, gehiengoaren poderioz, hondakinen legea aurrera atera, bai eta beheko gobernu zer horrek atzera bota han hemen aurrera egindako hori, helegitearen helegiteaz. Arrazoirik? Ez, aitzakia, Nafarroako Gobernuak ezin du plastikozko poltsa debekatu, hori zentralaren eskumena delako, konstituzioaz. Pikutara hau, hori eta poltsa bera ere! Nonbait gobernu horrek ondaretzat du poltsa hori, bainuontzien ohiko osagarri izandakoa, atxilotuek bestelako oxigenoa bizi zezaten.

Tira, pinuen onddo gorriaren harira! Bada bai, batzuek arazoa dute, jelkideez nago orain, ez pinuez eta ez onddoez, Europako hauteskundeetarako bidean bidaideak topatzeko. Eta nago ni, benetako arazoa bidaideak baino ez ote den bidea bera. Bidea dute arazoa, eta helbidea eta helburua arazo-lagun. Pulpitutiko Politika 0.0!