Andoni ARABAOLAZA
BOULDERRA

Itziar Zabalak eta Mikel Linazisorok urre bana lortu dute

Fuenlabradan jokatutako Boulderreko Espainiako Koparen bigarren proban, dimoztarrak eta bergararrak nagusitasun osoa erakutsi zuten. Zabalak, adibidez, finaleko lau blokeak bistan askatu zituen.

Blokeko Espainiako Koparen bigarren proba jokatu da dagoeneko, eta azken lehia horrek erakutsi du Euskal Mendizale Federazioaren ordezkari batzuk oso sasoiko daudela. Erregulartasunaren zirkuitu horretan, adibidez, mutilen kategorian, Mikel Linazisoro protagonista nagusia izaten ari da. Bai, bi proba jokatu dira, eta biak ala biak irabazi ditu. Nesken mailan ere, euskal ordezkari batek, Itziar Zabalak, azken probara indartsu iritsi zela erakutsi du. Lehenean, Salamancakoan, min hartuta zegoenez, ez zuen parte hartu. Lesioa gainditu, Fuenlabradako hitzordura joan eta aise gailendu da.

Beraz, bigarren proba horretan euskal ordezkariek nagusitasun osoa erakutsi dute. Aurreratu dugun bezala, Fuenlabrada izan zen egoitza, eta Fedme-ren deiarekin 70 blokezalek bat egin zuten. Oro har, lehen probarekin alderatuta, bigarrenaren bilakaera nahiko eskasa izan zen. Antolaketa aldetik, kexa ugari egon zen.

Sailkapenei dagokienez, adibidez, azken unean adierazi zieten lehiakideei formatua aldatu zutela. Eskuarki, proposatutako korapiloak bistan askatu behar izaten dira, baina Fuenlabradan hori aldatu zuten. Eskalatzaileak multzoka atera ziren, eta denbora asko izan zuten proposatutako bost blokeak sinatu ahal izateko. Horren ondorioz, makina bat top egon ziren; eta finalera igarotzeko, ekinaldiak hartu ziren kontuan.

Bi garaipen

Finaleko txartela eskuratu zuten EMFren hiru ordezkariak Zabala, Linazisoro eta Eric Lopez izan ziren. Azken fase honetan, berriz, formatua ez zen aldatu. Ekipatzaileek proposatutako lau blokeak bistan egin behar zituzten, eta korapilo bakoitzeko bost minutuko denbora zuten. Bederen, lau bloke horiek estilo ezberdinak zituzten: indarra, oreka, dinamikoak...

Nesken kategorian, Zabalak aise irabazi zuen; izan ere, lau blokeak bistan egin zituen. Dimoztarraren atzetik, lehen probaren irabazle Aida Torres sailkatu zen. Behin-behineko sailkapenean Torres buru dago.

Mutiletan, bestalde, Linazisorok lau blokeetatik hiru askatu zituen, eta zintzilik utzi zuen korapiloan jardun onena egin zuen. Horren ondorioz, bergararra lehen postuaz jabetu zen. Behin-behineko sailkapenean ere, lehen postuan dago; bitik bi lortu eta gero. Alabaina, azken proban ez da izango, Munduko Kopan izango baita. Lopez, berriz, bi top egin eta bosgarren postuan sailkatu zen.