Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zerk zeren antza hartu

Egia esan, ez dakit zelan ordenatzen dudan neure bizitza, egiten dudana ordenatzea bada! Goizaldean eguna urratzen hasten denetik iluntzean gaua urratzen hasi arte mordoilotuta nago, bai eta ametsetan ere! Kontuak atera nire ordena zein den! Burua bor-bor. Eguneko prentsari komuneko unean eman behar diot gauez begiratu azkarra; edo, nire ama zenak esango zuen moduan, «eskusauren». Total, izenburuak hain agudo irakurrita albisteak aldrebesean hartzen ditut askotan, eta egunak pasata konturatu... Horra lehengoan, «Tourte de Biscay» leitu eta hara kolpe batean pentsatua! Hastear den Euskal Herriko Itzuliari izena aldatu diote, innobazioz edo, Tourraren antza hartzeko. Bai zera! Hara bestea! Hamazazpi mendeko errezeta zen, sagar opila! Mon Dieu!

Brexit horrenak ez nau batere gauzak ordenatzen laguntzen. Horren azken berria irakurri eta nire goizeroko pastilla hartu arte ez dakit zein astegunetan bizi naizen, hain da betikoa kontu horren egunerokoa! Homo sapiensak arinago eboluzionatu zuen, hori eboluzioa izan bazen sikiera!

Tira, patxadaz hartu beharko dute Erresuma hartako legebiltzarkideek. Erresuma honetako euskaldunok 40 urte daroagu Estatutu baten eskumenak lortu gurarik! Estatutua 4.0, harrapa ezan/k innobazio hori! Bai, Gernikako horrenak Brexiten antza hartu du, eskumenak eskumen.

Eskutik eskura doana Korrikaren lekukoa da. Errepide erditik, bazterreko hobietan diren gorpuzkien txalo artean. Aire freskoa hor, behinik behin, mugimenduan haize eginda. Hain dugu beharrezkoa! Airea ez, mugimendua bera! Eta sindikatu nagusiak lemazaina berritu. Kontraboterea hemen aparte utzita, euskal «lab-ela» izan zuten hizpide. Bi horienak ere Brexitaren antza hartu du. Eta itunpeko ikastetxeena? Brexiten antza ere? Ez, Brexitak horien antza hartu! Hori bai!