«Hasieratik ondo funtzionatu dugu eta bikote moduan txapel hau merezi genuen»

Profesional bezala lehenengo txapela lortu zuen atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta etxetik gertu, Danel Elezkanok. Azken tantoa amaitzean poztasuna izan zen nagusi Zaratamoko pilotaria eta Beñat Rezustaren artean. Ondoren, prentsaurrekoan, askoz ere lasaiago aritu ziren Aspekoak. Baina bien aurpegian eta adierazpenetan sumatzen zen ondo egindako lanaren sentsazioa. Bizkaitarrak «aitari» eskaini zion txapela, baina baita «familiari, neskalagunari, anaiari eta Zaratamoko eta Dimako lagunei ere. Momentu onetan egotea erraza da, baina txarrenetan ere nire ondoan egon dira eta hau beraientzat da», adierazi zuen hunkituta Danel Elezkanok.

Zentzu honetan, Asegarceri –orain Baiko, bere hasierako enpresa– «eskerrak eman nahi dizkiot, profesional izateko aukera eman baitzidan. Erabaki bat hartzeko momentua iritsi zen, Aspek nire alde apustu egin zuen eta enpresan lan egiten duten pertsona guztientzako esker hitzak besterik ez dauzkat, bereziki Jokin Etxanizentzat. Berarekin lan egitea suertea izan da. Oso pozik nago», gaineratu zuen.

«Ikaragarria. Txikitako ametsa izan dut beti. Oso zoriontsua naiz. Suerte ikaragarria izan dut txikitako ametsa betetzeagatik, pilotaria izateagatik. Nork esango zidan txapel hau janzteko aukera izango nuela? Agian huts asko egon dira, baina bikote bezala hasieratik oso ondo funtzionatu dugu, asko defenditu dugula uste dut. Bikote moduan, txapel hau merezi genuen», azpimarratu zuen.

Neurketari buruz, bizkaitarrak bere bikotekidearen lana goraipatu zuen: «Biak jotzaile ikaragarriak dira. Beñatek atzetik egin duen lana goraipatzekoa da. Oso zaila da ikustea zenbat pilota eraman dituen han atzetik. Nik nahi nuen gauza bakarra zen sartu eta Beñati lagundu eta abiadura eman. Egia da baten bat eskapatu zaidala, amaieran beste baten bat asmatu egin dut. Finalak huts dezente izan ditu aurrean, baina momentu erabakigarri batean 2-3 tanto egin ditugu eta hor egon da gakoa».

Beñat Rezustak, aldiz, Danel Elezkanoren lana azpimarratu zuen: «Tanto bakoitzean borroka egin dugu. Bukaera arte larri eta azken tantora arte ezin erabaki. Hala joan da partida. Daneli tanto askotan tokatu zaio alde batetik bestera korrika egitea defenditzen. Kristoren meritua du Danelek, oso pilota gutxi eduki baititu eta eduki duen bakoitzean min egin du eta bera zen erritmoa alda zezakeena».

Hori bai, «partida guztian kontzentratuta egotea garrantzitsua» izan zela adierazi zuen. Berak ondo daki, iazko finala galdu baitzuen eta honakoa bere laugarren finala zuen. «Partidak desberdinak dira, aurkariak eta eguna ere bai. Nahiz eta iazko pilotaleku bera izan, sentsazioak aldatzen dira eta guztiz desberdina izan da», aipatu zuen.

Txapela «inguruko jendearentzat da, gauzak ondo edo gaizki atera, lagundu nautenentzat».