Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Aldaira Sauden Etxean

Azken buruan, beharbada, Jamal Khaxoggiren heriotza hitsa ez zen guztiz alferrikakoa izan. Istanbulgo kontsuletxe saudiarabiarreko hilketak sei hilabete bete dituenean, gaia hedabideen fokuetatik guztiz kanpo egongo litzateke, pindar bakan batzuengatik ez balitz. Horietako bat, oso laburki bederen, arestian argitaratu dena: hiltzaileek (nortzuek?) «odol-dirua» ordaindu omen diete haren semeei Arabian. Jakina, borreroak Turkian epaitu ahal izateko aukerarik ez da aurreikusten... eta Turkiak berak ere gaia alboratu egin duela ematen du. Zeren truke?

Zientzia ezkutuen artean esoterikoenetakoa den «saudologian» adituek, ordea, Etxean, Riaden gertatzen ari daitekeenari begiratzen diote. Zerbait ari baita gertatzen. Beti bezala, ezkutuan.

Izan ere, sei hilabete hauetan bi jazoera behintzat «ikusi» ahal izan dira Arabiako aginte gorenean: Salman erregearen berragerpena, lehen mailako erabakiak hartzerakoan –beraz, ez zegoen horren ezinduta lehen...–; eta, ifrentzuan, Mohamed bin Salman seme oinordekoaren desagerpena, funtsezko eginkizun guztietatik –beraz, ordain politikoren bat badu Khaxoggiren hilketak–.

Oraingoz, ez dirudi MbS errege-oinordekotzatik kentzeko erabakirik hartu denik –haren ordezkoa aukeratzea ez delako erraza izango, besteak beste–; baina Jeff Bezosen salaketa bezalako pasadizoek erakusten dute printze ahalguztidunaren laineza-egunak joan direla.

Ageriko harremanik ez duen gorabehera potolo batekin ere lotu behar da, seguruena, gorabehera hori. Saudi Aramcok, behingoz, aurkeztu ditu «kontuak» dei genitzakeen zenbateko batzuk. Ikusgarriak, benetan. Munduko enpresa handienari dagokion legezkoak. Baina iraganean berak adierazitakora heltzen ez direnak; eta adituak guztiz konbentzitu ez dituztenak. Iaz, bertan behera geratu zen MbSek kudeatutako konpainiaren %5 merkaturatzea, balizko erosleak ez zirelako fio konpainiaren ustezko balioaz, eta hark bere jabearekin, hau da, arabiar estatuarekin, hots Sauden Etxearekin, zituen konpromiso eta morrontzen inguruan.

Orain badakigu arabiar aurrekontu publikoaren bi heren ordaintzen dituela Aramcok.