Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Atutxa II.a-Urruzuno Zaldua- Izetaren aurka bihar Gatikan

Bost kirol ikusiko dira: harri-jasotzea, aizkora, txingak, ingudea eta trontza.

Basque Sports-ek antolatzen duen “5 kirol” txapelketak bigarren ekitaldia izango du bihar, 12.00etan, Gatikan. Hasierako ekitaldian bezala, bigarrengo honetan ere bost kirol ikusiko dira plazan. Harri-jasotzaileak 100 jasoaldi emango dizkio 100 kiloko harri zilindrikoari, kopa izenekoari. 45 ontzako enborrari 12 epai emango dio aizkolariak. 50 kiloko txingekin 12 plaza egingo dituzte txanda librean. 150 jasoaldi eman 18 kiloko ingudeari; hau ere txanda librean. Azkenik, trontzari helduko diote, 45 ontzako enborrari 10 mozketa eman beharko dizkiote bien artean.

Proba hauek guztiak entretenigarriak dira ikuslearentzat eta bere alde ona badute, denboraz ez direla luze egiten. Lehenbiziko jardunaldian, irabazle izan zen bikoteak, Arria V.a eta Eizmendik, 40 minutu pasatxoan burutu zuten. Oraingoan, finalera pasatzeko faborito nagusiak Atutxa eta Urruzuno dira, inolako zalantzarik gabe. Baina ezustekoak gertatzen dira.

Nafarroako lauko sokatira

Nafarroan lauko sokatira txapelketari hasiera eman diote eta bihar bigarren ekitaldia jokatuko da Lesakan, 18.15ean. Gizonezkoek 320 kiloan bigarren jardunaldia dute eta emakumezkoek ere 255 kiloan bigarrena. Lehenbiziko jardunaldian Beti-Gazte Lesakako laukoa izan zen garaile, 4 punturekin. Berriozar, Txantrea eta Antsoain izan ziren lesakarren ondoren hurrenez hurren sailkatu zirenak.

Emakumeek ere 255 kiloan jokatu zuten eta ordena honetan sailkatu ziren: Beti-Gazte B (6 puntu), Beti-Gazte A (5), Berriozar (4), Kaskallueta (3), Antsoain (2) eta Txantrea (1).

Bestalde, Araban Herri Arteko Txapelketa jokatzen ari dira. Bihar, 17.30ean Artziniegako frontoian, dute zita Artzeniagak eta San Milanek. 9 herri-kirol mota dituzte neurketarako: sokatira, lokotx-bilketa, txinga-eroatea, harri-jasotzea, zaku-lasterketa, ingude-jasotzea, lasto- jasotzea, trontza eta aizkora.

Idi probak

Laudion gaur, bihar eta astelehenean izango dira probak. Gaur, 19.00etan Izeta, Bolaño, Iñaki Oliden eta Motxo plazaratuko dira.

Bestalde, Etxebarriko Pazoetako probak amaitu dira eta mantak irabazi dituen probalaria Garagartza Elkartea izan da 47 untze eginaz. Bigarren, Isidro Erretegia (46) eta ondoren, Arene jatetxea (45 eta 3,90 metro).