Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Lurruntzen lagundu, ganoraz

Kanpainak aurrea hartu dio aurrekanpainari, eta kanpainan sartu gaitu. Hamaika entzuteko garaia berau, belarrientzat aspergarri. Esatea libre! Hori libertatea balitz sikiera. Tira, botoen harira! Boto-papera eskutik eskura pasatzen ari dira, edozein leku eta une tarteko helmuga bihurtu eta saria lortu nahian, hauteskunde gaueko azkeneko sailkapenari begira… Hori bai tristea gero! Politikaren bide-mapan tarteko helmugak besterik ez dituen politikarien maparena. Hain da arrotza ganora ohiko politikan! Hain da ganorabakoa azkeneko helmuga ez izatea! Bertsolaritza bera ere ez zen izango atzekoz aurrerako filosofiarik gabe. Hain da funtsezkoa atzekoz aurrerako ikusmira soziopolitikoan…

Jendez lepo ikusi ditut egunotan errepideak, erdian eta bazterrean ere lepo, korrika edota ziklistei txaloka, batean zein bestean sentimendu seinale. Eta bietan tarteko helmugak azkenekorako helbidean jarrita. Horixe bide-mapa! Errepideak bazterrak behar ditu, ibaiak uholde-lautada behar legez; helbideak helmuga behar, ibaiak itsasoa legez. Sozio-ekosistema, arrotza berau politika ofizialaren mortuan. Baina horretan gara, atzekoz aurrera, ez mortua biziberritzeko bestelako bide-mapak gauzatzeko baino…

Total, batzuk korrika lekukoa eskutik eskura; beste batzuk lekutik lekura kurrinka, gaurko mapa geografikoaren mugak, eta koloreak berak, behin betikoak diren sinestun. Bai zera! Garai batean uste zuten atomoa banaezina zela eta hara! Eta onddoak pinua ez zuela akabatuko ere! Amen. Mon Dieu! Gaurko gizartea likidoa omen da; lurrunkorra esango nuke nik, lausoa. Begira epemugena! Eskumenak ukitzeko moduan izan eta hara! Lurrundu! Abiadura handiko zer horren epea ere… lurrundu! Lege zaharrak berak lurrundu! Espainia likidoa den honetan, lagundu dezagun gure lurretan lurruntzen… botoaz.