Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Atutxa eta Urruzuno 5 Kirol txapelketako finalerako sailkatu dira

Gatikan jokatu da 5 Kirol txapelketako bigarren kanporaketa. Aitzol Atutxa aizkoran eta Inhar Urruzuno harri-jasotze lanetan ziren faboritoak eta ez zuten kale egin. Harri-jasotzen, aizkoran, txinga-eroaten txandaka, ingude-jasotzen ere txandaka eta trontzan kirolari biek 42:19 behar izan zuten lanak amaitzeko. Aurkariak Xabier Zaldua aizkoran eta J. M. Iruretagoiena Izeta III.a harri-jasotzen izan ziren. 46:10 behar izan zuten.

Finala maiatzaren 1ean jokatuko da, 12.00etan, Bilboko Miribilla pilotalekuan. Aurrez aurre arituko dira Atutxa-Urruzuno eta Xabier Orbegozo Arria V.a-Eizmendi.

Artziniegak etxean jokatutako Arabako Herriarteko Txapelketako jardunaldia irabazi zion San Millani, bederatzi herri-kirol modalitatetan. Seitan irabazi zuten etxekoek: sokatira, ingude-altxatzea, zaku lasterketa, lokotx bilketa, harri-jasotzea eta trontza. Guztira sei garaipen. San Millanek, aldiz, txinga-eroatea, lasto-altxatzea eta aizkora irabazi zituen.