Ion SALGADO
LEMOA
GAZTE TOPAGUNEA

Asteburuan hamaika borrokaren topagune bilakatuko da Lemoa

Ernaik eta Aitzinak antolatutako Gazte Topagunea hasiko da bihar Lemoan. Lur Albizu eta Aitor Servier gazte antolakundeetako bozeramaileek diotenez, hamaika borrokaren isla bilakatuko da Arratiako udalerria. Diotenez, aukera ona da gazteek militantzia politikoa ezagut dezaten, «bulkada berriak beharrezkoak baitira aurrera egiteko».

«Askatasun bulkadak independentziara!». Hori da bihar Lemoan hasiko den Gazte Topagunearen leloa. Lur Albizu eta Aitor Servier Ernai eta Aitzinako bozeramaileek diotenez, urteko ekimen esanguratsuena izango da, asteburu honetan jaiak, borrokak eta kulturak bat egingo baitute Arratiako eskualdean. Lan handia izan dela aitortu dute. Duela hilabete bat egin zituzten lehenengo auzolanak, eta azken asteotan ehunka lagun bildu dira karpen eta txosnen muntaketa amaitzeko. Gogorrena bihar hasiko da, bihartik aurrera milaka gazte hurbilduko baitira kontzertuez gozatzera eta egingo diren eztabaidetan parte hartzera.

Albizuren ustez, Gazte Topagunea aukera ezin hobea da Ernai eta Aitzina «barrutik ezagutzeko». Servierrek oroitu du azken urtea berezia izan dela, Euskal Herrian izan diren gazte borroken lau hamarkadak gogoz ospatu nahi izan baitituzte “Bulkada berrien garaia da” dinamikaren bidez, ezker abertzaleko gazte erakundeen ekarpenari balioa aitortuz. Leitzan iaz egindako agerraldian irakurritako agirian ohartarazten denez, «etorkizuna ez da inorena; oraina, ordea, borrokan irabazten duenarena da. 40 urte luzeren oraina gara. Moztu nahi izan zuten lorearen aurrean, ernaldutako udaberria. Askotarikoa eta kolektiboa. Gaztea eta errebeldea. Bizirik gaude, bagoaz eta bagatoz. Euskal Herri sozialista eta feminista lortu arteko konpromisoa berresten dugu».

Agerraldi horren ondoren harremanak estutu dira gazte mugimenduko kideen eta kide ohien artean, eta orain konpromiso horrekin bat egitea proposatu nahi diete belaunaldi berriei. Izan ere, Leitzan ohartarazi zutenez, bulkada berriak beharrezkoak dira aurrera egiteko. «Topagunea ere zentzu horretan doa, plaza polita da militantziara hurbiltzeko, eta egun hauetan arloz arlo martxan dauden borrokei gune bat egiteko», esan du Servierrek, egin duten egitarau politikoa nabarmenduz.

Eskaintza politikoa

Lemoan, esaterako, Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek eta Sortuko kide Kizkitza Gil de San Vicentek V. Asanbladari buruz hitz egingo dute. Izan ere, Gazte Topagunearen webgunean azaltzen denez, «V. biltzarrak abertzaletasun iraultzailea formulatu zuen, nazio askapena eta askapen soziala uztarri berean batuz». Halaber, larunbatean EH Bilduko Bakartxo Ruiz hautagaiak eta Nahia Fernandez kideak Nafarroan gauzatzen ari den aldaketa aztertuko dute; Gaizka Aranguren kazetariak, Itziar Ziga idazleak eta Larraitz Ugarte abokatuak intsumisioa ekarriko dute gogora. «Borroka hori irabaztearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, mugimenduaren nolakotasuna aztertuz eta eztabaidatuz».

Ibon Meñika eta Aiala Zaldibar gazte mugimenduko kide ohiek joan diren hamarkadetan euskal gazteriak jasandako jazarpenari buruz hitz egingo dute igandean, “Y gunean”. Bertan Jarrai-Haika-Segi prozesuaren arrazoiak eta ondorioak aztertuko dituzte, operazioaren eta epaiketaren nondik norakoak. Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak, berriz, burujabetza eta iraultza sozialari buruzko eztabaidan parte hartuko du. Berarekin batera egongo dira Larraitz Ugarte (EH Bildu) eta Iratxe Delgado (Ernai). Bi galderari erantzungo diete: «Nola eraikiko dugu burujabetza eremu ezberdinetatik? Nola bultzatu langile eta herri sektoreen mesedetan egongo den prozesu independentista eraldatzaile bat?».

Martxoaren 8ko olatu moreari jarraipena emateko, “M9an zer?” izena duen ekimena izango da larunbatean. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari ohiak, Naia Torrealdai Bilgune Feministako kideak eta Maddi Isasi Ernai eta mugimendu feministako kideak Euskal Herri feminista eraikitzeko estrategia izango dute hizpide. «Asko dira pizten ari diren eztabaidak: Nola egin aurre kapitalismoaren asimilazio saiakerei zein eskuin mutur erreakzionarioenaren erasoei? Nola egin aldarrikapen feministak gauzapen bidean kokatzeko? Nola bihurtu mobilizazio gaitasuna gihar feminista? Praktika eta teoria uztartuz bidea jorratzen dabil mugimendu feminista, beraz, jarrai dezagun hausnartzen: Zeintzuk dira erronkak?», galdera sorta mahaigaineratu du Ernaik.

Internazionalismoak, elkartasunak eta gazteei eragiten dieten mehatxuek, drogek eta jokoak esaterako, lekua izango dute egitarauan. Hor, egunean zehar egongo diren kontzertuak ere agertzen dira noski: Gatibu, Koma, Zoo, Kop, Huntza, Des-kontrol, Hesian, Governors, Eskean Kristö, Su Ta Gar eta Banda Bassottiren kontzertuak ikusi ahalko dira, besteak beste. Bestalde, kultur arloko berrikuntza nagusia Gazte Sortzaileon Plaza izango da, gazteen sorkuntza lana “plazara” ateratzeko gunea.