Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JO

Aktibismo zikina

Berriki, Brigitte Vasallo idazle eta ekintzaile feministak hitzaldi bat eman du Bilbon. Aztertutako gaia, guztiz egokia eta gaurkotasun handikoa: ezkerreko gune mistoak eta feminismoak. Hausnarketarako askotariko elementuak utzi zituen, baina gauden hauteskunde garai honetan, kontzeptu bat nabarmendu nahi dut: aktibismo zikina.

Zaila edo ezinezkoa da alderdi politiko jakin batekin une oro guztiz ados egotea; edo, gertuago egonez gero, bere barne funtzionamendua hobetzeko proposamenik ez izatea. Esate baterako, kalearen eta instituzioen arteko oreka egokia ez da beti lortzen, eta, aipatutako hitzaldiaren gaiari lotuz, aldarrikatzen diren ideia feministak ez dira beti barneko eguneroko jardunaren ardatz. Hala eta guztiz ere, garbi daukat apirilaren 28an –eta ondoren datorren maiatzaren 26an– busti beharra dagoela, eta ezker subiranistari botoa ematea eginkizun bat dela.

Vasallok zioen moduan, batzuetan «zikintzeko» beharra dago, gure ekintzailetza «garbia» ukitua izateko arriskua egonik ere. Zenbaitetan akastunak edo, zergatik ez, kritikagarriak iruditu ahal zaizkigun ekintza edo proiektuak babestu behar ditugu, beharrezkoak direlako. Estrategia gisa bada ere, konprometitzea erantzun beharra da. Are gehiago, egungo egoera politikoa ikusita, datorkigunaren aurrean lurrera jaistea erabaki urgentea da. Finean, garbi izan behar dugu azken helburua zein den, eta gure buruari galdetu behar diogu ea dena egiten ari garen.

Lan-lerro ezberdinak uztargarriak izan ahal dira, jakina, eta beharbada beharrezkoa da horiek guztiak uztartzea. Dena den, garbi dagoena da eskuineko blokearen proposamen atzerakoi eta zentzugabeei aurre egin behar zaiela instituzioetan ere. Horretarako, ezinbestekoa da aurrera egiteko proposamenak aurkeztea. Guztion bizi baldintzak are gehiago okertzeko arrisku argia dagoenean giza eskubideen eta feminismoaren defentsa sutsua egin beharra dago. Jokoan dagoena asko denean «zikintzea» inoiz baino gehiago merezi du, xede garbi batekin guztion eskubideak eta askatasunak hedatzeko.

Todo sobre JO