Julen Orbegozo Terradillos eta Jordi Morales i Gras
ELECCIONES ESTATALES

Narrazio nazional propio baten zantzurik ez Twitterren

Hauteskunde kanpainak Euskal Herriko Twitesferan daukan eragina eta isla monitorizatzen ari dira Orbegozo eta Morales, eta apirilaren 28rako oraindik astebete falta bada ere, zenbait ondorio aurreratu daitezke jada.

Internet da komunikabideen artean demokratikoena, bereganatzen dituen partaide kopuruagatik, daukan izaera globalagatik eta zuzenean parte hartzeko dauzkan erraztasunengatik». Hiru arrazoi horiek aipatu zituen Bartzelonan jaiotako Antoni Gutierrez-Rubi aholkulariak, M-15 mugimendua gertatu eta gutxira. Baieztapen hori “tekno-optimistegia” dela esan genezake, agian, baina Internet gaur egungo informazio aroaren bektore nagusia bada.

Internet baliatuta informazioa trukatzen dugu etengabe eta horrek itzelezko aztarna uzten du sarean. Hori dela eta, azken urteotako erronka nagusia izan da informazio pilo hori nolabaiteko inteligentzia bilakatzea. Alegia, aztarna hori jendartearentzat modu batean edo bestean baliagarria izatea, algoritmo eta ikaskuntza-automatizatuarekin.

Hala, orain hamar urte sortu zen Twitter gaztelaniaz, eta handik hiru urtera euskaratu zuten mikroblogging zerbitzua. Egun sare sozialen artean eztabaida politikorako joera handiena duen sarea da. Garai batean eremu pribatuan gordetzen ziren iritzien biltegia bilakatu da, finean. Espazio publikoan dagoen interakzio politikoen “kutxa beltza” dela esan genezake. Gainera, politikagintzan gertatzen den guztiak bere erreplika dauka Twitterren.

Alde horretatik, hauteskunde garai honetan gertatzen ari dena ezagutu eta ulertzeko aukera ona da interakzio eta iritzien “kutxa beltz” horretan begiratzea. Zer gertatzen ari da Twitterren? Zein gairi buruz eta zein modutan ari gara eztabaidatzen euskal herritarrak A28aren bezperetan?

4.000 txio eguneko. Mundu osoan eguneko 500 milioi txio baino gehiago idazten dira. Itsaso zabal horretako ur-tanta ñimiñoa izanik, Hego Euskal herrian 4.000 txio inguru idatzi dira egunero Espainiako hauteskundeen bueltan. Konparazio gisa, Estatua bere osotasunean hartuta, eguneko 875.000 txio inguru idatzi dira hauteskundeei buruz. Beraz, atera genezakeen lehen ondorioa da euskal gizartearen mobilizazio digitala epel samarra izaten ari dela.

Ildo horretatik, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako alderdi eta hautagai nagusiei Twitterren egin dizkieten aipamenak monitorizatu ditugu hauteskunde kanpainako lehen egunetan. Guztira 11.488 parte-hartzaile (profil) identifikatu dira elkarrizketan lehen bost egunetan, orotara batez beste bi txio idatzi dituzte, eta egindako aipamen eta komentarioen arabera “komunitate” ezberdinetan sailkatu ditugu algoritmoen jakintza aplikatuz.

Datuei erreparatuta, EH Bilduren komunitatean kokatzen da, nabarmen, txiolari kopuru handiena. Bikoiztu egiten du EAJren komunitatea eta hirukoiztu, Elkarrekin-Podemosena. Hortaz, atera daitekeen bigarren ondorioa da EH Bilduk bere txiolariak mobilizatuta dauzkala, edo inork baino zuzeneko aipamen gehiago lortzen dituela, behinik behin. Birtxiokatzeetan ere nabaritzen da lidergo hori, orotara (aipamen + birtxioak), EAJren kopurua bikoiztu egiten baitu (10.181 aipamen vs 5.176 aipamen).

Nafarroako egoerak atentzioa eman digu, EAEn baino jarduera txikiagoa egoteaz gain, Nafarroako alderdi guztiak “kluster” edo komunitate berean ezarri dituelako algoritmoak. Nafarroa da euren bektore nagusia. Baina horrez gain, Geroa Bai, UPN eta Nafarroako Podemosen komunitatea hein batean txikia delako ageri dira elkarrekin.

Jusapol erdigunean. Elkarrizketa digitalak uzten digun elementu bihurri eta arrotza Espainiako polizien elkarte Jusapolen presentzia da. Gainera, beheko grafikoan ikus daitekeenez, Jusapolek elkarrizketan daukan tokia ez da hutsala. Komunitate txikia ordezkatzen duen arren, zentroan kokatzen da: Jusapolekoek denekin hitz egin dute edo denek Jusapolekoekin.

Gogoratu beharra dago EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak polizia elkarteko kide batzuen probokazioei erantzun ziela Gasteizko Legebiltzarrean, kanpaina hasi baino ordu batzuk lehenago. Hori horrela, EH Bilduren komunitateak Arzuaga babestu zuen eta jarraitzaile asko aktibatu zituen. Aldiz, Jusapolen presio estrategiak ere fruituak eman zizkion elkarteari, bere helburuetako bat bete baitzuen.

Grafikoan ikus daiteke, halaber, Elkarrekin-Podemos alderdiak isolatzera jotzen duela, gainerako alderdi edo klusterretatik aldenduz eta grafoaren zentroa bilatzeari uko eginez. Izan daiteke monologo endogamikorako joera agertu duela bere komunitateak: bere jarraitzaileak dabiltza, euren gaiez, bereziki, hitz egiten. Bestalde, EAJk beste hauteskunde batzuetan izaten duen posizio zentrala desplazatua ikusi du.

Twitterreko agenda. ETA, indarkeria poliziala, kale-borroka, Guardia Zibilaren kuartelak... elkarrizketa digitalaren pizgarri izan dira Euskal Herrian. Hori bai, hauteskunde kanpaina hasieran, egun gutxiren bueltan, hurrengoak gertatu ziren: Poliziaren biktimen legearen eztabaida Gasteizen, Vox eta Ciudadanosen ekitaldi politikoak eta berauen aurkako protestak...

Galdera da: nork jartzen ditu gaiok hauteskundeen agendan eta nori egiten diote mesede? Badirudi zenbait alderdi politikok beharrezkoa dutela gatazka politikoa xaxatzea euren nortasun eta errelatoa eraikitzeko. Ciudadanosen eta Vox-en kasua izan daiteke. Horregatik erabaki zuten Euskal Herrian presentzia izatea kanpainako lehen asteburuan. Ez dago hain argi, ordea, komunitate subiranistak etekinik ateratzen ote duen joko-zelai horretan, txiolari-komunitatea aktibatzeaz haratago.

Errelato nazionalaren zantzuren baten esperoan. Herri orok kontatzen du (edo kontatzen saiatzen da) historia. Espainiako alderdi batzuek (Ciudadanos eta Vox, kasu) hauteskunde kanpaina hasieran beren narrazio nazional partidista indartu nahi izan dute Ebrotik goragoko lurrei begira. Hartara, badirudi Euskal Herria nazio gisa defendatzen duten indarrek, komunitate garrantzitsuenak ordezkatzen dituzten arren, zailtasunak dituztela errelato propioa sortzeko.

Politikan sarri gertatzen da norbere nortasuna, errelatoa eta helburua eraikitzeko aktore antagonisten beharra izatea. Baina sareei begira bederen, badirudi antagonista horiek pisu handiegia dutela euskal errelato nazionalean: agenda eta markoak eraikitzeko gaitasuna dute.

Mezu komunikatiboen logikak horizontala izaten jarraitzen du, bai, baina gero eta gehiago horizontaltasun hori behetik gorakoa da, goitik beherakoa baino. Masak pertsonak izatera pasatu dira, euren berezitasun eta potentzial guztiekin, eta euren modukoekin komunikatuago daude alderdien ahots korporatiboekin baino. Profil korporatibo eta ofizialetatik botatako mezuek baino transzendentzia handiagoarekin jarduten dute pertsonek sareetan.

Elkarrizketa digitala norberaren komunitatea handitzeko balia daiteke. Baina termino kuantitatiboez harago, elkarrizketa norabide egokian jartzeko helburua ere inportantea da. Alegia, komunitate handienak gaitasuna izan beharko luke joko-zelaia ezarri eta gainerako arerioak errelato digital propioa eraikitzera bultzatzeko.

*Julen Orbegozo Terradillos Komunikazio Politikoko irakaslea eta ikertzailea da EHUn. Jordi Morales i Gras Soziologian doktorea eta Network Outsight enpresako zuzendaria da.