12/05/2019

JON MAYA
KUKAI DANTZA KONPAINIAKO ZUZENDARIA ETA KOREOGRAFOA

Erabakiak modu naturalean, ezer behartu gabe, etorri zaizkio Jon Mayari. Ametsa betetzeraino. Dantzak bizi du eta ogibide izatea ere lortu du. Kukai konpainiaren lemazaina da bera. Euskal Herrian adina emanaldi dituzte gaur egun gure mugetatik kanpo. Azken lau ikuskizunak finalista izan dira Max sarietan eta hilaren 20an egingo den sari-banaketan ere bi izendapen ditu «Erritu» lanak (Eneko Gil eta Sharon Fridman).

«Barnetik ateratzen den pasioaren baitan eraikitzen duzu bizimodua»
Xole ARAMENDI|ERRENTERIA
0512_kul_maya1

Niessen kulturgunean egin dugu hitzordua Jon Mayarekin (Errenteria, 1977). Hura du bulego eta entsegu toki. Herritarren omenaldia jaso berri dute Kukai dantza taldeko kideek bertan dagoen plazan, 2017ko Espainiako Dantza Saria dela-eta. Jose Manuel Cabadak oparitutako eskultura inauguratu zuten egun horretan, eta artelanak ongietorria egiten die egunero lanera doazenean. Gaur ere begira dugu eskultura.

Etxean jaso zuten dantzarako grina Jon eta Alain anaiek. Gurasoekin eman zituzten lehen pausoak Ereintza dantza taldean. Bakarka hegan hasi zen Jon Laxok taldean –20 urte inguruko lau lagun ziren– eta han izan zuen Kukai abian jartzeko burutazioa. Pentsatu eta egin. Hainbat lagun gonbidatu zituen konpainiara, tartean Alain, eta ordudanik ibilbide oparoa jorratu dute.

Euskal Herritik kanpo hemen adina emanaldi eskaintzera iritsi dira. «‘Erritu’, gure azken lana, Euskal Herrian estreinatu ondoren Madrilen, Valentzian eta Gironan izan gara, aste honetan bertan Polonian ‘Oskara’-rekin, urrian Moskura goaz, ondoren Bielorrusiara... Oso entzutetsua den Avignoneko Jaialdian sail ofizialean gaude eta ‘Oskara’ sei egunez emango da, Monte-Carloko Operan eta Alemanian egon ginen iaz... Horrek erakusten du gure lana naturaltasun osoz sartzen dela toki horietan. Eta leku horietan egoteko gure lanaren kalitatea baloratzen dute».

Errekonozimendua

Publikoarenaz gain, dantza sektorearen errekonozimendua ere jaso dute, 2014tik hona sortu dituzten ikuskizun guztiak izan baitira Max sarietan finalista. Sei sariren jabe dira eta datorren igandean beste bi irabaz ditzakete, Eneko Gil dantzaria eta Sharon Fridman koreografoa izendatuta baitaude. 2002. urtean lehen lana estreinatu zutenetik etenik gabeko goranzko bidea egin dute. «2009an hasi ginen beste lengoaia artistikoetatik zetozen sortzaileak gurera gonbidatu eta elkarlana sustatzen. Lehenengo bertakoekin eta ondoren nazioartekoekin. Sortu diren lankidetzak oso bereziak izan dira maila pertsonalean –bizipen eta ikasketa aldetik– zein profesionalean gu guztiontzat eta sormen mailan ere esango nuke ikuskizun bereziak sortu direla».

Beraien aurretik bidea egin dutenak ditu gogoan. «Garai historiko bakoitzean euskal dantza tradizionalak eduki du joera estilizaziorako eta eszenatokira eramateko. Herri adierazpidea izateaz gain, herrietan dauden dantza talde askok lan egiten dute eszenatokian ikuskizunak eskaintzeko. Agirre lehendakariak Eresoinka sortu zuen Euskal Herriko enbaxadore gisa, Victor de Olaetak Olaeta Balleta, Philippe Oianburuk Etorburu proiektua, Juan Antonio Urbeltzek ikerketaz gain bere ikuskizunak... Garai historiko bakoitzean egon da norbait dantza tradizionala eta garaiko tendentzia uztartu dituena. Guk ere hori egin dugu, naturalki».

Oreka zaila

Azken lanak, “Erritu”-k, inpaktu handia eragiten du ikuslearengan. «Urteen poderioz bersatilitate eta malgutasun izugarria duen taldea lortu dugu. Ni dantza tradizionalean hezi naiz eta Kukaiko dantzariak ere bai, nahiz gaur egun edozein proposamen garaikide egiteko gai diren. Oreka hori topatzea oso zaila da eta urteetako lanaren ondorioa da».

Euskal dantza tradizionalak nola bihurtu hizkuntza eszeniko unibertsal? «Gauzak ondo egite aldera bateratu nahi dituzun unibertso edo mundu horiek benetan edukiz oso jantzita egon behar dute; bestela oso azalekoa gerta daiteke. Ideia baten zerbitzura jartzen garenean pertsona ezberdinak eta nork beretik ekiten dionean asko aberasten da».

Beti esan ohi da bidea dela garrantzitsuena eta sorkuntza prozesuan zer esanik ez. «Dudarik gabe. Ez dizut esango interesgarriena dela, baina interesgarria da. Batzuetan gogorra ere bai, edozein bilaketa prozesuk dakartzalako kontraesanak, ikuspegi ezberdinak... asko ikasten da horiei aurre egiten. Behin hori oholtzan ikusten duzunean satisfakzioa da. Prozesua da gakoa, prozesurik gabe ez dago ezer».

Dantzak bizi du Maya. Zuzendari, koreografo, irakasle... nahiz eta azken arlo hau alboratua duen orain. Eta dantzari? «Azkenengo ikuskizunetan atzeko lanetan nabil, zuzendaritzan eta entseguak eramaten, baina zorionez aurretik egin ditugun beste proiektuek bizirik jarraitzen dute eta horietan parte hartzen jarraitzen dut dantzari gisa».

Bi proiektu berri ditu esku artean. «Aitortuko dut azkenaldian jarraitu edo ez jarraitu pentsatzen aritu naizela, baina ilusio handiz eta itxaropentsu nago maiatzaren 23, 24 eta 25ean Nafarroako Museoan egingo dugun ‘Isilisketak’ proiektuarekin. Israel Galvan eta Cesc Gelabertekin batera arituko naiz. Horrek suposatu dit nire burua pixka bat reseteatu eta entseguetara beste gorputz batekin bueltatzea. Horrez gain, azaroaren 29an proiektu berri bat izango da martxan, ‘Gauekoak’ eta dantzari bakarra izango naiz; Harkaitz Miner eta Izaro izango ditut lagun. Ilusio handia dut. Aurtengo urtea berezia da». [Begiak diz-diz ditu].

Ezin bere burua kokatu. Horixe gertatu izan zaio dantzatzeari utzi dionean. «Orain ohitu naiz, baina hasieran emanaldi egunetan oso gaizki pasatzen nuen, batez ere kokapen falta nuen. Egia da agertokira igotzen naizenean asko gozatzen dudala. Noski, kontziente naiz nire kideek afrontatu ditzaketen proiektu berrietan ez daukadala ez burua ez gorputza horretara jartzeko, ez nintzateke gai izango, baina gaur egun dudan adinarekin hainbat gauza afrontatu ditzaket, lehen egiten ez nituen bezala». Hasieran dantza zaletasuna zuen, bere lanbidearekin, kazetaritzarekin, uztartu zezakeena. Dantza eguneroko bizimoduaren ardatz, ogibide, bihurtu zuen arte. «Hasten zara konturatzen eraikitzen zoazen mundutxo hori hartzen ari den bolumena izan daitekeela zure bizimodua».

Dantzak asko eman dio. Eskertuta dago. «Bokazionala den guztiak dauka zerbait... barnetik ateratzen den pasioa denean bizimodua eraikitzen duzu horren baitan. Nik esan dezaket lanera noala bulegora, entsegura edo emanaldira noanean, baina azkenean zu zara. 24 orduz hor daramazu dantza zurekin. Bokazionala den guztiak har berezia ematen dizu eta zure pasio batetik atera den zerbait eraikitzen dela eta hor jarraitzen duzula ikustea niretzat gauza handia da. Edozein lanbidetan bezala dituzu zure neke momentuak, une konplikatuak, momentu oso zoriontsuak.... baina zuk aukeratu duzun bidea da eta ez nituzke aldatuko inondik inora hartutako erabakiak».

Zailtasunak zailtasun, ametsa bete du. «Elkarrizketa hau orain dela hamar urte egin izan bagenu ez nuen esango egoera honetan egongo nintzenik. Gogoa banuen, nire utopien alde borrokatzen naiz, baina errealitateari oso lotua dagoen pertsona naiz; oso zail ikusten nuen».

Gustura ikusten da, baina bada zer hobetu. «Arte eszenikoen sektorea oso mundu zaila da, modu batean prekarioa izan daitekeena, eta hor borrokatzea izugarrizko lan-karga da».

Garbi dio. «Sorkuntzak hezkuntza sisteman integratua egon behar du, kulturak ezin du izan pertsona baten aisialdiko kontsumoa soilik. Gure egunerokotasunaren parte izan behar du, osasuna, hezkuntza, garraioa... diren bezala. Kulturak pertsona bat janzten du eta gizarte kritikoa izateko hori behar dugu».

«Nahiko nuke Euskal Herrian beste lurralde batzuetan daukaten errealitateari erreparatzea»

Arte eszenikoen alorrak bizi duen egoera dugu hizpide. «Pena da Euskal Herrian proiektu sendoak eta etorkizuneko ikuspegi batekin egiteko egiturarik ez izatea –nabarmendu du–. Ez dezagun ahaztu Errenterian gaudenez, hemendik 7 kilometrora ze bestelako errealitatea dagoen Artisten Estatutuarekin, sorkuntzaren eta hezkuntzaren arteko binkulazioarekin... niri eredu horietara begiratzea gustatzen zait. Espainiar Estatutik hona begiratzen dutenean hemen dugun zirkuitua edo antzokiak nabarmentzen dituzte, eta egia da. Baina nahiko nuke Euskal Herrian beste lurralde batzuetan daukaten errealitateari erreparatzea».

Kultur proiektuen gabezia jarri du mahai gainean elkarrizketan. «Herri bat artikulatzeaz ari bagara, kultur proiektuak ere mahai gainean jarri behar dira. Inor gutxiri entzun diot, hauteskunde garaian gaudenez eta herri proiektuak aurkezteko garaian gaudenez, ze herri proiektu daukan kulturari dagokionez. Uste dut botere alternatiboa izan nahi duen inork ez duela mahai gainean jartzen. Eta kolore ezberdinak izan ditugu azken urteotan erakundeetan. Badago zer hausnartua», esan du.

Azken urteotan sortu diren azpiegituren kudeaketan eta erabileran dago gakoa, Jon Mayaren esanetan. «Nola jarri ekipamendu horiek herritarren eta sortzaileen zerbitzura. Ekipamenduak oso balekoak eta motor inportantea izan daitezke sortzaile eta herritarren arteko harremanetarako eta hortik ere sor daitezke benetako proiektuak zentzu askotan, sormen mailan eta kultura ulertuta kohesio sozialerako eta gizarte baten garapenerako tresna bezala. Erronka da sormenaren eta exhibizioaren arteko oreka topatzea ere; tamalez, gaur egun sortzen da, baina gero hori erakustea ez da erraza», azaldu du dantza zuzendari eta koreografoak.

Urrunago doa. «Kultur proiektu bat sortzera animatzen den edozein sortzailek hartzen dituen arrisku pertsonal eta profesionalak oso handiak dira. Eta iruditzen zait hainbesteko zama pertsonala ez hartzeko beste kudeaketa eredu bat bideratu ahalko litzatekeela. Horrek adierazten du sistemari bueltatxo bat eman behar zaiola». X.A.

Une bakoitzean behar artistiko bati erantzuten diozu, pentsatuz Kukairen ibilbidean aldaketa izango dela eta sakontzea izango dela.