Amalur ARTOLA
LITERATURIA

SALMENTEN LOGIKATIK HARAGO, BEREZKO BALIOAK GARATU DITUEN LITERATURA AZOKA

SALMENTAK BADU GARRANTZIRIK, HORI EZ DU INORK UKATUKO, BAINA KAPITALETIK HARAGOKO BALIOAK LEKU BEREZIA HARTZEN ARI DIRA LITERATURIAN. URTERO ZARAUTZ EGUN BETEZ LETREN PLAZA BILAKATZEAZ BATERA, TOPAGUNE ESTATUSA ERE BEREGANATUA DU; IDAZLE ETA IRAKURLEAK BILTZEKOA, EDITOREEN ARTEKO TRUKEAK AHALBIDETZEKOA ETA, NOLA EZ, PROIEKTU BERRIETARAKO ATE-LEIHOAK ZABALTZEKOA.

Ostiralean abiatu zen Literaturia eta gaur izango du amaiera, baina bien bitartean bada zer ikusi, hausnartu eta irakurri –zentzurik zabalenean– Zarautzen. Esaterako, literatur lanen salmentaz. Literaturiako programazioaren baitan leku berezia betetzen du Musika Plazako azokak, bertan biltzen baitira sektoreko aktore guztiak –editore, idazle zein irakurle– eta, aurten, jaialdiko ordezkariek ahalegin berezia egin dute literaturazaleak azokara erakartzen. «Nire lehendabiziko urtea da azokan eta alderaketarik ezin dut egin, baina beti entzun izan dut salmenta aldetik motel joan ohi dela. Eta, agian espektatiba horrekin etorri naizelako izango da, baina uste dut nahiko ongi ari garela», aipatu zigun Garazi Arrula Txalapartako editoreak.

Azoka «jendez lepo» egon ez bada ere joan-etorrietan mugimendua sumatu du Arrulak, eta azokak sustatutako erosketa bonuek horretan zerikusirik izan dutela uste du: «Bonuena oso ideia ona da, animatu egiten du jendea azokara etorri eta zer dagoen ikustera».

Azokan lehendabiziko urtea du Alberdania argitaletxeak. Jorge Gimenez Bech editoreak azaldu digunez, eguerdian “Otto Pette” eleberriaren 25. urteurrenaren karietara Anjel Lertxundiri egin zaion omenaldiak jendea bildu zuen Musika Plazan, «eta oso goiz mugitua izan dugu». Hala ere, jendeak galdetu bai baina erosi «gutxi» egin duela aitortu zuen, eta azokako bisitariaren profilaz jardun zen: «Hona etortzen den jendeak badaki zertara datorren, harremanetarako oso gune egokia sortzen da; hori da azoka honek daukan ezaugarrietako bat».

Lehendabiziko urteko balorazioa eginda, «errepikatzeko asmoa» erakutsi zuen Gimenezek, «zeren ikusten duguna da estilo honetako guneetan badagoela irakurlearengana hurbiltzeko aukera, beste azoka edo gune batzuetan egoten ez dena». Literaturiak «bestelako baloreak» dituela ziurtatu du: «Hemen ez gaude salmentaren ikuspegitik, baizik eta gure mikrokosmos honek behar duelako eta hemen sortzen delako zerbait, agian ez duena momentuan eragiten etekinik. Etekina beste era batekoa da».

Idazleen gorputzak

Azokaz gainera, emanaldiak, liburu-aurkezpenak, itzulpen tailerra, zine proiekzioak eta beste hamaika jarduera biltzen ditu Literaturiak –gaurko egitaraua www.literaturia.eusen kontsulta daiteke– eta eguneko hausnarketa interesgarrietako bat arratsaldean Modelo aretoak hartu zuen saioak utzi zuen.

Eider Rodriguez idazlearen sinadura daraman “Idazleen gorputzak. Egiletasuna ezbaian literaturaren joko zelaian” (Susa, Lisipe bilduma) saiakeraren gaineko mahai-inguruan emakume izateak euren ibilbide literarioan izan duen eraginaz gogoetan jardun ziren Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi eta Miren Agur Meabe, Rodriguezekin batera.

Idazle izaera euren buruari noiz aitortu zioten galdetuta, euskal letretan idazle erreferentziala bada ere Urretabizkaiak bere burua «tarteka idazten duen pertsona»-tzat duela aipatu zuen. «Pertsona bat gauza asko da eta ni tarteka idazlea naiz. Afaria prestatzen edo loreak zaintzen ditudan bitartean idazlea naiz? Idaztea da tarteka egiten dudan gauza». Meabek 2000. urtean “Azalaren kodea” argitaratu zuen arte ez dela hala sentitu baieztatu zuen, idazle gisa aurkezteko kanpoko aitortza behar izan zuelako. «Oxigeno bonbona izan zen niretzat», ziurtatu zuen. Ildo beretik Mintegi: «Kritika gordin eta krudela jaso nuenean sentitu nintzen idazle, hain zuzen ere idazletzat hartzen nindutelako».

Gorputzarekin izan duten harremanaren aldetik, Meabek bere burua biluzik ikusteari uko egiten badio ere bere literaturgintzan gorputza oso presente egon dela baieztatu zuen. «Autorretratu fisiko eta psikologikoek lagundu egin didate identitatea bilatzen eta ahalduntzen. Klitoria, bularrak edo jariakinak aipatzean transgresio borondate bat egon da», azaldu zuen.

Gorputzarekin harreman «txarra» izan du Mintegik haurtzarotik, «ikusten nuelako inguruko gizonek aukera mugagabeak zituztela eta nireak mugatuak izango zirela emakume egiten nintzenean». Gorputzarekiko «bakeak» amatasunarekin egin zituen, baina hark ere ekarri zizkion gogoeta berriak: «Hitzaldietara joaten nintzenean itzelezko tripaz, ez zuten pentsatzen egin nezakeenik lan intelektuala eta aldi berean haur bat gestatu. ‘Hobeto zaude etxean’, ikusten nuen haien begiradetan. Ordutik aurrera, literaturaren eremua niretzat bukatua zela sentitu nuen».

Hala ere, egokitu zaien gorputza ez luketela aldatuko baieztatu zuten hirurek, jakinik gorputzak euren bizipenek bezainbeste modelatu dituela. «Ez dakit zein puntutaraino naizen horrelakoa edo jasotako kolpeei emandako erantzunen ondorioz naizen naizen bezalakoa. Emakumea intuitiboa da kolpeak jaso dituelako, aurreikusi egin behar izan duelako nondik datorkion hurrengo kolpea. Jakin nahi nuke nolakoa nintzatekeen sekula kolperik jaso ez banu», hausnartu zuen.