Idoia ERASO
BAIONA

Murgiltze ereduaren kontra mintzatu da Hezkuntza ministro frantsesa

Senatuan eskualde-hizkuntzen inguruan abian den eztabaidan, Jean-Michel Blanquer Estatu frantseseko Hezkuntza ministroak murgiltze ereduak ikasleek frantsesa ez jakitea ekar dezakeela erran zuen iragan astean. Seaskak eta Diwanek hitz horiek salatu dituzte.

Murgiltze ereduaren inguruko eztabaida eta gatazka handia da egunotan Estatu frantsesean, eta joan den astean Blanquerrek egin zituen adierazpenek hautsak harrotu dituzte. Orain arte Gobernuaren aldetik atzeman zitezkeen murgiltze ereduaren kontrako seinaleak baieztatu ditu ministroak, eta aldi berean ostiralean Emmanuel Macronek Biarritzen egin zituen adierazpenekin kontraesanean dago: «Euskarak dagokion tokia izan dezan elkarrizketa eraikitzailea izan behar da elkarte, hautetsi eta familiekin».

Hezkuntza ministroak kezka agertu zuen, ikasleek «eskualde hizkuntzan soilik» hitz egiteak pedagogian eta frantsesaren ezagutzan galera eragin dezakeelakoan. «Ikuspegi pedagogikotik horren inguruan eztabaidatzeko anitz litzateke. Kognitiboki, haurra frantsesa alde batera uzteko egoeran jartzea ona ez dela erratera ailegatu gaitezke», baieztatu zuen.

Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioko zuzendari Hur Gorostiagak adierazpenok «lekuz kanpokoak» eta «beste garai batekoak» direla erran du. Bretainiako murgiltze sistemako federazioko, hots, Diwaneko, presidente Stephanie Stollek France Bleu irratian egindako adierazpenetan honela salatu du: «Ezinezkoa da horrelakoak erratea! Arras ongi daki murgiltze eredua ez dela elebakarra, elebitasunera daraman ikasketa eredua da».

Gorostiagak azpimarratu du Blanquerren hitzek jada agerian geratzen ari zen Gobernuaren jarrera berretsi dutela. Izan ere, maiatzaren hastapenean, Jacqueline Gourault Lurralde Kohesiorako ministroak Senatuan erran zuen eskola publikoetan murgiltze sistema garatzea ezinezkoa dela, murgiltze sistema eskola pribatuetan soilik garatu behar dela gaineratuz.

Ipar Euskal Herriko egoera ez dator bat Gouraulten baieztapenarekin, eta aldi berean erabaki politikoa dela sumatzen da. Egun, 17 eskola publikotan dago abian Haur Hezkuntzako murgiltze eredu esperimentala; aldiz, horren hedatzea blokeatu du Gobernuak. Heldu den ikasturterako hiru eskola gehiagotan ezartzea aurreikusia zen, eta horretarako beharrezkoak diren tramite administratibo guztiak eginak ziren, baina Ikuskaritza Akademikoak ez zuen egindako lana berretsi eta ezezkoa eman zuen. Erabaki hori jakinarazi zuenean protestak izan ziren.

Gouraultek murgiltzea sare pribatura mugatu behar dela aditzera eman bazuen ere, Seaskak salatu du horretarako baliabideak ez dizkietela ematen. Ahal eskasia horren ondorioz, duela urtebete federazioaren eta Gobernuaren arteko hitzarmena sinatu gabe gelditu zen. Berriz ere sinatua izateko negoziazioak geldirik daudela jakinarazi du zuzendariak: «30 postu behar ditugu eta 5 eskaini dizkigute. Postuak Parisen blokeatuta daude». Hori dela-eta, Macronen ostiraleko hitzek bi ministroek esandakoarekin bat egiten ez badute ere, harekiko mesfidati agertu da: «Adierazpen asko egiten ditu, gero bere gobernuak betetzen ez dituenak».

Ikastolak eta eskolak

Ostiralean bertan, murgiltze eredua orokorrean pairatzen ari den erasoen aurrean berau defendatzeko lehen elkarretaratzeak deitu zituen Seaskak Ipar Euskal Herriko sei herritan, zeintzuetan ehunka euskaltzale elkartu ziren. Protestak, Seaskaz gain, eskola publiko zein pribatu katolikoetako murgiltze ereduen aldekoak ere baziren. Hori dela-eta, Baionan eta Uztaritzen egin ziren elkarretaratzeetara Ikas Bi eta Biga Bai eskola publikoetako guraso elkarteetako ordezkaritzak ere izan ziren. Heldu diren asteetan sare ezberdinen arteko koordinazioa landu beharko dela adierazi zuen Gorostiagak.