GARA
IRUÑEA

Eduardo Cordoba Oronozen «barrura begirako» erakusketa

Eduardo Cordoba Oronoz artista zangozarraren «barrura begirako» erakusketa hartuko du Kondestablearen jauregiak ekainaren 23ra bitartean. 80ko hamarkadatik gaur egunera arteko ehun obra bildu dituzte.

Eduardo Cordoba Oronoz artista nafarraren ibilbideari errepasoa egingo dio Kondestablearen jauregiak, “Iraunkorraren eta iragankorraren artean” izendatu duten erakusketaren bidez. Cordobak berrogei urtean egindako ehun eskulturatik gora bildu dituzte erakusketarako, 80ko hamarkadatik gaur egunera bitarteko bere ibilbidea zehazten dutenak eta, horietan, autoreak bizitzaren eta inguratzen duen errealitatearen gaineko hausnarketak egiten ditu, tartean migrazio, klima aldaketa edo egunerokotasunarekin lotutako gaiei helduz.

Erakusketa ekainaren 23ra bitartean egongo da ikusgai Kondestablearen jauregiko 1. eta 2. aretoetan eta, Iruñeko Udaletik zehaztu dutenez, astelehenetik igandera bitartean bisitatu ahalko da, 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 21.00etara.

Erakusketaren aurkezpenean Maitena Muruzabal, Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntzako zuzendariak eta egileak berak hartu zuten parte, eta azken honek erakusketan barnako ibilbide gidatua ere eskaini zuen.

Cordobak gogora ekarri zuen bere azken erakusketa orain bi urte egin zuela, Sarajevoko Galeria Nazionalean, eta ordutik bere artelanen gaineko barne begirada bat beharrezkoa egin zaiola azpimarratu zuen. Hala, hausnarketa hori abiapuntu gisa hartuta, «etenik gabe» hasi zen lanean, 300 orrialdetik gorako liburu bat osatu arte. Lan hori da, hain zuzen ere, Kondestablera eraman duen erakusketaren oinarria. Erakusketaren katalogoa ere osatu dute. Cordobaren semeak, Fermin eta Mikel, izan dira lan horretan jardun direnak.

Iruñeko Udaletik zehaztu zutenez, aretoan ikusgai jarri dutena «ez da atzera begirako erakusketa bat, baizik eta bukatu gabe dagoen lan batena, azken artelanak eta aurrekoak aurkezten dituena».

Orotara ehun artelan baino gehiago daude, eskulturak eta margolanak guztiak, baina formatu eta teknika ezberdinak erabilita osatu dituenak. Nabarmendu zutenez, horietako pieza asko inoiz ez dira jendaurrean ikusgai jarri orain arte, eta beste batzuek, aldiz, orain gutxi ikusi dute argia.

Gai sozial eta garaikideak

Hitza hartuta, egilea lan prozesuaz jardun zen. Cordobak erakusketan bere bilakaera ikusgai dagoela esan zuen, «pentsamendu plastiko batena, komunikazio programa bati heltzeko bideena, balizko lorpen batzuei egindako ukapenena», eta horien bidez «bide berrien abentura» erakusten dela uste du.

Bere adierazpen plastikoek errealitatearen gainean egiten dituen hausnarketetan dute oinarri eta irudiek idatzizko testuak ordezkatzen dituztela uste du. «Esateko dudana adierazi nahi dut; subjektua, aditza edo predikatua erabili beharrean, gaia, kolorea eta irudia erabiltzera jotzen dut», ziurtatu zuen Cordobak.

Kondestablearen jauregira ekarri dituen lanen artean azkenaldian egindako obrak ere badaude, tartean “Burugabekeriari heltzeko saiakera” izenekoa, non gai garaikideei heltzeko joera nabarmentzen den. Bere azken artelanen artean daude, halaber, klima&bs; aldaketaz diharduen “Omenaldia giza ergelkeriari” edota immigrazioaren inguruko gogoeta egiten duen obra bat: «Immigraziotik iraultzaileak aterako balira, sistemak haien kausak deuseztatuko lituzke», uste du autoreak.

Eduardo Cordoba Oronoz (Zangoza, 1949) Arte Ederretan lizentziaduna da. Bere arte ibilbidean, Iruñean bakarkako hogei bat erakusketatan hartu du parte, baita Madrilen, Huescan, Sanlucar de Barramedan, Parisen, Sarajevon eta abarretan egindako erakusketetan ere.