Euskaltzaindiak genero-markarik gabeko izenak erantsi ditu izendegian

Nazioarteko Onomastika Jardunaldiaren bigarren egunean hiru lan aurkeztu zituen Euskaltzaindiak eta guztiak euskal gizartearen eskura jarri: Euskal Onomastika Datutegi (EODA) berritua, Pertsona Izendegi berritua eta kale- eta karrika-izenen eskuliburua.
Pertsona-izendegiari dagokionez, izen neutroak (genero-markarik gabeko izenak) lehen aldiz sartu dira, 500 guztira. «Izendegiaren berezko izaera irekia eta dinamikoa mantenduz, era guztietako izenak sartzen jarraituko du Euskaltzaindiak. Aurkezten dugun honetan orain arte dokumentatu ditugunak sartu dira, baina zerrenda zabalik dago eta izen berriak aztertu ahala datu-basean gehituz joango gara», azaldu zuen Paskual Rekalde Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak.
«Genero-marka duten izenak kategoria horri atxikiak dira tradizio soziokultural edo ibilbide historiko bat dutelako euskal gizartearen bilakaeran –gehitu zuen euskaltzain urgazle nafarrak–; hala ere, datuen argitan frogatuko balitz sail horretako izen batzuek esleitua duten generoaz gain beste generoarekin ere erabili edo erabiltzen direla, datuak egokitu beharko lirateke», egin zuen oharra.
Euskaltzaindiak nabarmendu zuenez, «badira euskaraz genero finko eta bakarrik gabeko izenak, neutroak direnak, alegia. Azken urteetan erabiltzen hasiak dira, pertsona-izen gisa»; adibidetzat leku-izen direnak (Amaiur edo Joar kasu) edo lexiko arrunteko hitzak direnak (Amets, Euri) jarri zituzten. «Euskarak ez du genero gramatikalik eta, hortaz, izen horiek, pertsona-izentzat hartuak, ez dira berez genero bakar bati atxikiak, eta baterako zein besterako balio dezakete». Izen neutro horien artean leudeke, besteak beste, Abodi, Aiuri, Araitz, Argi, Bihotz, Garai, Gorbeia, Haize, Iparla, Iraultza, Itzel, Kemen, Larraine, Lizar, Luzaide, Muxika, Pallas eta Udalatx.
Onomastika datutegia
Euskal Onomastika Datutegiari (EODA) dagokionez, hiru berrikuntza aipatu zituzten: kontsultatzeko sistema berria osatu dute, kontsultak abiatzeko eta fintzeko «tresna ahaltsuagoak» sortu dituzte eta kontsultagarri jarriko diren erregistro kopuruek EODAren «hazte kuantitatibo nabarmena» erakusten dute, azaldu zutenez.
Kale- eta karrika-izenen eskuliburua-ri dagokionez, gogora ekarri zuten Euskaltzaindiak 25 urte daramatzala irizpenak eman eta kontsultak erantzuten, eta, hala, mendeurrena aprobetxatuz kaleratu dute eskuliburua. «Urteetan metatutako esperientzia partekatzea eta herritarren esku jartzea da Euskaltzaindiaren helburua eta nahia. Horregatik plazaratzen du eskuliburu hau, eta dei egiten die herritarrei, horien ordezkariei eta udal-langile zein euskara-teknikariei Euskaltzaindira jo dezaten kale, karrika eta kidekoen izenen arloko zalantzak argitzera», esan zuen Alfontso Mujika Onomastika batzordeko kideak.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
