Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Zdenek Hak eta Marek Holecekeren balentria Chamlang mendian

Sokada txekiarrak, estilo alpinoan, zazpimilakoaren ipar-mendebaldeko aurpegia lehen aldiz igo dute. «UFOline» izeneko bide berria zabaltzeko, zortzi egun egin zituzten horman. 2.000 metroko pareta horretan ABO zailtasuna gainditu behar izan zuten.

Duela pare bat aste aipatzen genizuen Himalaiako ohiko denboraldia, montzoi aurrekoa, bukatu zela. Everesten inguruan izan zen ikuskizuna ia gainetik kendu ezinik gabiltzan honetan, hurrengo lerrootan benetako alpinismoari egingo diogu tarte. Izan ere, zortzimilakoetatik at, mundua dago. Eta, beste behin, hori erakutsi dute Zdenek Hak eta Marek Holecek txekiarrek. Lehen lerroko bi alpinistok ez ditugu aurkeztuko, besteak beste, duten curriculuma luzeegia delako. Soilik esan behar dugu nazioartean sona handia duen Urrezko Piolet bana irabazia dutela.

Bukatzear dagoen udaberri honetan, bikote txekiarra Chamlang mendian (7.319 m) izan da. Eta esku artean zuten helburua bikain erdietsi dute. Zazpimilakoaren ipar-mendebaldeko aurpegia zuten helburu, eta, 2.000 metroko horma horrek saio ugari jaso baditu ere, protagonistok haren lehen igoera sinatu dute.

Horretarako, zortzi eguneko lan eskerga egin behar izan zuten. Baina, aurreratu dugunez, emaitza biribiltzeko aukera izan dute. Marra berriari “UFOline” deitu diote. Eta hari eman dioten zailtasuna ez da txantxetakoa: ABO. Hots, alpinismoaren eskalan gradu gorena.

Jakina, txekiarrok estilo alpinoan eskalatu zuten. Lehen urratsak maiatzaren 16an egin zituzten. Lau egun geroago, gailurra erdietsi zuten; ordurako ez zuten janaririk. Jaitsiera, berriz, gogorra baino gogorragoa izan zen. Baldintza gogorrei aurre eginez hego ertzetik jaitsi ziren, kanpaleku nagusira 23an helduz.

Horiek dira, beraz, Chamlang mendiaren ipar-mendebaldeko paretan egindako lehen igoeraren inguruko lerroburuak. Jardueraren muinera jo nahi dugu, eta, horretarako, Holeceki berari eskatu dizkiogu Hakekin batera zazpimilakoan egindako eskaladaren inguruko argibideak.

«UFOline»

«Zdenekek eta biok Chamlang mendian egin berri dugun eskalada duela hogei urte hasi zen. Arkitekto trebeenek pareta horretan sortu zituzten marra dotoreak ikusi nituenean, erabat harrapatuta geratu nintzen. Lilura eta beldurra, biak sentitzen nituen: taula tente erraldoi hori mugituko ote zen? Iaz, aldats bertikalok berriro ikusi nituen, eta erabaki ere itxaroteko aitzakiarik ez zegoela.

Kanpaleku nagusira heldu baino bi aste lehenago, girora egokitzen izan ginen. Nahiko samurra izan zen, eta arazo handirik ez genuen izan. Garagardoek samurtu zuten fase hori. Kanpalekua antolatu bezain laster, zamaketariek eta sukaldariak alde egin zuten. Zdenek eta ni neu bakarrik geratu ginen. Ingurua oso lasaia da, gizabanakorik ez genuen ikusi eta ikuspegiak ederrak baino ederragoak ziren. Mendi basatiz inguratuta geunden.

Eguraldi iragarpenaren zain ginen, eta gure kide Alca Zarybnikak mezu bat bidali zigun. Eguraldia, oro har, ez zen oso txarra, baina Chamlang mendian arrakasta izateko, gutxienez, hiru eguneko leiho on bat behar genuen. Une kritikoak ziren, besteak beste, haizea baretu behar zelako. Egun tentsu horietan paretaren oinarrira behin baino gehiagotan joan ginen. Balizko bide berrian egin beharreko mugimenduak ondo aztertu genituen.

Egoera aldatu eta norabide egokia hartu zuen. Hormaren sarrerara maiatzaren 16an abiatu ginen. Tresneriari dagokionez, oso arin joan ginen: bibakak egiteko denda bat, 80 metroko soka (7 mm), 6 izotz-torloju, bosna fisurero eta friend, bost egunerako janaria eta kozinatzeko hiru gas-botila. Jakina, ez genuen ahantzi bizkar-zakuan zorte pixka bat ere sartzea.

Biharamuna hotza izan zen, eta tentsioa areagotu egin zen. Lehen metroak, mistokoak, ez ziren batere atseginak izan. Baldintzak ez ziren batere onak. Arrokazko sekzio batera heldu ginen, eta zeukan elur apurrak azukrea zirudien. Zentimetro bakoitzean borroka handia egin genuen. Horrela jarraituz gero, hilabete beharko genuke gailurra zapaltzeko. Zorionez, zentimetroak metro bihurtu ziren.

Ordu luzez borroka handia egin eta gero, lehen bibaka antolatu genuen. Eroria zuen harkaitz baten babespean geunden; hots, arrisku objektiboetatik at. Horma ikusgarria bada ere, jakin badaki elur-jausi batzuk botatzen. Bederen, bibaka antolatzeko lekuak lasaitasuna eman zigun.

Eskaladaren bigarren eguna gogor hasi zen. Harkaitzean metro batzuk egin ondoren, izotzezko zelai baten barruan sartu ginen. Haren gainean, berriz, beldur handia ematen zuen serac bat zegoen; zintzilik eta prest izotz puska erraldoiak jaurtitzeko. Izotzezko sekzio hori ziztu bizian igo genuen. Ondoren, 80 metro tente; hain justu, serac horiek gainditzeko bidea emango zigutenak. Mistoko beste tarte batzuk egin eta bigarren bibakera iritsi ginen. Bederen, leku hain arriskutsu horretatik salbu geunden. Izotzezko erlaitz batean, nahiko babespean, altxatu genuen bibaka.

Leku ospela zen, baina, bederen, hara iristeko eskalatu genituen metroek xarma zuten. Konpromiso handikoak ziren, gure oinen azpian kristoren amildegia baitzegoen. Alpinista baten bihotzarentzat eskarmentu ederra da.

Hirugarren egunarekin, jarduera osoaren giltza eta eskalada sekzio luzeena iritsi zen. Gure asmoa aurretik genituen 700 metroak gainditu eta goiko aldean dagoen arrokazko murrura heltzea zen. Arrakasta izateko hori zen aukera bakarra. Une jakin batean argi geratu zen atzera egiteko aukerarik ez genuela izango. Aurrera jarraitu genuen. Izotz gogorrarekin egin genuen topo. Teknikoki ez zen oso zaila; fisikoki, ordea, bai. Egindako milaka mugimenduek leher eginda utzi gintuzten. Geure buruak babesteko lekuak, berriz, ez ziren batere egokiak. Eguna ez zen amaitzen eta oraindik bibaka antolatzeko leku bat aurkitu behar genuen. Elurra ari zuen, eta egoera ez zen batere ona. Hortzak estutu eta arroka baten ondoan bibaka egiteko prestatu ginen. Denbora galdu gabe, gasa piztu, elurra urtu eta geure eztarri lehorrak zein sabel hustuak arintzen hasi ginen.

Gaua infernu bilakatu zen. Ezin ginen etzan egon, eta lo egiteko komeriak izan genituen. Baina zer edo zer lortu genuen.

Laugarren eskalada egunari ekin genion. Lehen metroetan izotz gogorrarekin egin genuen topo. Aldatsak nahiko tenteak ziren; %70ekoak, gutxi gorabehera. Gure aurrean genuen murrua, txikitu ordez, bazirudien handitzen ari zela. Baina jakin bagenekien tontorrera heltzeko gutxi falta zitzaigula. Eta hala izan zen. Arratsaldean, luze batzuk egin eta ertz zorrotzera iritsi ginen; ikuskizuna itzela zen. Egun haizetsua zen, eta tenperatura izugarri jaitsi zen. GPSak zioenez, gailurra ertzetik 200 metrora eta gure gainetik 100 metrora zegoen. Gauarekin batera, haizea indartu egin zen. Tontorra zapaltzeko aukerarik ez genuenez, denda altxatzeko behin-behineko leku bat aurkitu genuen. Laugarren kanpalekua zen.

Gailurra egiteko eguna iritsi zen. Ertz horretan Chamlang mendiaren erpin batzuk zeharkatu genituen. Haizea ez zen batere baretu, baina, bederen, ikuspegi ederra genuen aurrean. Kanchenjungak ekitik agur egin zigun, Makaluren piramideak iparretik. Mendebaldetik, berriz, Lhotsek eta Nuptsek. Eta denen gainetik, Everest zegoen.

Tontorrean soilik hamar minutu egin genituen. Argazki batzuk atera, irribarre batzuk elkar gurutzatu eta jaisten hasi ginen. Benetako zoriontasuna kanpaleku nagusian zain genuen eta bertara heldu arte ez zegoen zer ospatu.

Altuera galdu nahi genuen, baina garrantzitsuena leku hartatik ateratzea zen. Hego ertza aukeratu genuen, besteak oso arriskutsuak zirelako. Akats baten ondorioz, bidetik atera ginen. Zorionez, ez zen ondorio dramatikorik izan, baina gertatutakoak gogorarazi zigun lasai joan behar genuela. Batez ere, gure aurrean zulu infinitu bat genuelako. Horregatik guztiagatik, beste bibak bat egin genuen. Bosgarrena zen, ez zen guk nahi genuena, oraindik oso goian geundelako.

Janaririk gabe geratu ginen; gau horretan soilik txokolate pixka bat jan genuen. Den-dena bustita eta izoztuta genuen. Fisikoki leher eginda ginen eta burua ia-ia mugan. Biharamunean, glaziar basati batetik jaitsi ginen: labirinto bukaezina. Laino itxia zen, eta seigarren bibaka egiteko prest ginen. Bazirudien marrazo baten ahoan lo egiten ari ginela. Ez genekien masailezurra noiz itxiko zuen. Ez genuen ezer gure gorputzak berotzeko. Hotzikarak barruraino sartuta genituen.

Zazpigarren eguna askatasunarena izan zen. Bizitzara itzuli ginen. Azken rappel bat, morrena zeharkatu eta, 160 orduko jardunaren ondoren, kanpaleku nagusira iritsi ginen. Eguzkia irten zen, hotza atzean utzi genuen eta belarrean etzan ginen.

Amaiera aldera, esan behar dut txalotzen dudala duela 60 urte mendiaren hego aurpegian sartu ziren lehen alpinistak. Zdenek eta biok, estilo alpinoan, Chamlang mendiaren ipar-mendebaldeko aurpegia lehen aldiz igo dugu. 2.000 metroko horma ikusgarria. ABO zailtasuna eman diogu. Txekiarrentzat soilik izugarri zaila. Eskalatutako bideari ‘UFOline’ deitu diogu. Chamlang mendiaren ipar horma igo zenean, esaten da Reinhold Messner eta Doug Scottek objektu hegalari ezezagunak ikusi zituztela».