Andoni ARABAOLAZA
ALASKA

Denali mendiko «Slovak direct» bidearen hamargarren igoera

Bru Busom eta Marc Toralles katalanek lau egun behar izan dituzte 2.700 metroko zailtasun handiko marra mitikoa sinatzeko.

Bru Busom eta Marc Toralles katalanek Denalin egin berri duten jarduerak poztu gaitu. Batetik, Alaskako mendi horren bide zailenaren hamargarren errepikapena egin dutelako. Eta bestetik, jarrera oso xume batekin (ez dira alpinista profesionalak) izaera horretako marra bat igo dutelako. Ez dute ezertxo “saldu” beharrik, ez dute inolako babesleren aurrean azalpenik eman beharrik. Kontua da parafernalia guztietatik at direla, eta dakitena ondo baino hobeto jartzen dutela indarrean. Eta hori “Slovak direct” bidean gertatu da.

1984. urtean Tono Krizo, Frantisek Korl eta Blazej Adam txekiarrek sortutako marraren “egiaztagiriak” dena dio. Aurreratu dugu, teknikoki, Denaliren zailena dela: WI6, M6+ eta A2. Gainera, gazte katalan hauek aldaera berri bat sortu eta jarduera honako graduan utzi dute: WI6+ eta M8. Hori gutxi ez, eta, konpromisoari dagokionez, VI gradua du Alaskako eskalan; hots, gradu gorena. Eta hori guztia 2.700 metroko garaiera duen hego horman eskalatu dute.

Jarduera bikain honen inguruko nondik norakoak ezagutu ahal izateko, GARA Torallesekin hartu-emanetan jarri da. Lehenik eta behin, esan diogu pixka bat harritu gaituela “Slovak direct” bidearen aldeko apustu horrek: «Iaz, nire lehen bisita egin nion Denaliri, eta aitortu behar dizut kristoren hotza pasa nuela; neure buruari esan nion ez nintzela itzuliko. Baina Santi Padrosek mendiaren hego hormara berarekin joatea proposatu zidan, eta, bistakoa den bezala, konbentzitu ere egin ninduen. Bruk ere bat egin zuen gurekin. Espedizioa hasi baino bi aste lehenago, Santik esan zigun lanez gainezka zebilela eta ez zuela gurekin etortzerik. Bruk eta nik ez genuen buruan eslovakiarren bidea; gauza zehatzik ez, bederen. Baina Bruk oso erraz motibatzen du bere burua eta honakoa esan zidan: ‘Eslovakiarren bidea ala etxera’».

Arestian aipatu dugu katalanek igo duten marra 1984koa dela. Eta garai horretakoa izateko, teknikoki oso zaila da. Torallesek zailtasun horri garrantzia eman dio, baina are gehiago konpromisoari: «Bai, zaila da, baina, hego paretan sartzean, jaisteko ia apenas duzun aukerarik. Makina bat metro eskalatu behar dituzu, horietako asko eta asko oso tenteak eta zikinak. Eta eguraldi txarra egiten badu... Bestalde, 4.000 metroko kotatik aurrera zero azpitik -20º egiten ditu, eta horri haize pixka bat gehitzen badiogu, bada kontuak atera... Bidea eskalatu aurretik, rangerrak honakoa esan zigun: ‘10 kilometro orduko haizea baduzue, ez sartu horman’. Haize bolada indartsuak iragarri zituzten, eta eguraldia oso aldakorra. Ez ziren baldintza egokienak, baina guk ‘Slovak direct’ eskalatzea erabaki genuen».

Katalanek sinatutako hamargarren igoera zinez azpimarragarria da, batez ere kontuan hartzen badugu errepikatzaileen artean nazioarteko lehen lorroko alpinistak daudela: Steve House, Mark Twight, Nick Bullock, Andy Houseman, Japoniako Giri-Giri Boys taldekoak... Torallesek honako balorazioa egin digu: «Onartzen dut Denaliren bide gogorrenean sartu ginela. Baina hori beti gertatzen zaigu. Patagonian, iaz, Bru eta biok Cerro Torre buruan genuen. Eta lagunek esan ziguten hobe zela beste erpin lasaiago bat eskalatzea. Bide batean sartu eta goitik ateratzen gara gu; hori da gure filosofia».

Lau egun

Bizkar-zakuak bete-beteta zituzten. Bost eguneko jarduera aurreikusi zuten, eta, lehen egunean, Seattle Ramp sekziotik eginiko hurbilketa bidea nahiko nahasia izan zen. Batez ere, botatako elurrak artesiak estaltzen zituelako. Urratsa zabaldu eta gero, paretara oso nekatuta iritsi ziren. Azken eguraldi iragarpena jaso zuten. Ez zen batere ona, hirugarren egunerako haizete indartsuak iragarri baitzizkieten: «Bideak konpromiso handia du, eta eguraldiarekin dituzun zalantzak oso handiak dira. Gainera, garaiera handian bi egun egin behar dituzu. Zailtasuna, berriz, nahiko erlatiboa da. Onartzen dugu bidea zailtasunean iraunkorra dela, baina ez da hain zaila ere. Tartean, gainera, elur zelaiak daude. Hori bai, 6.000 metrotik gora WI6 eta M8 zailtasuneko tarteak eskalatu behar dituzu».

Haizea, elurra... katalanek ez zituzten baldintza onenak. Goiko aldean zeuden aldatsetatik elur asko erortzen zen, eta horri aurre egin behar izan zioten protagonistok: «Lehen bibakean elur asko bota zuen, baita hirugarrenean ere. Zentimetro askoko geruza pilatu zen, eta elurrolde kutsuko erasoen barruan geunden. Bru eta biok argi ikusi genuen genuen: ‘Elurtea gelditzen ez bada, jai daukagu’. Bada, 20 minutura gelditu zen elurtea! Baldintza horiekin, jakina, ezin zara oso azkar joan. Guk, bederen, House eta enparauen baldintzak ez genituen izan. Talde horrek gure bidea 60 orduan eskalatu zuten. Gu, gainera, bi lagun ginen».

“Solvak direct” marran sartu aurretik, alpinistok Denaliren “Orient Expres” egin zuten: «Gailurra egin genuen. Aklimatazio gisa ondo joan zen. Marra horrek, gehienez, 50 graduko aldatsak ditu. Ondoren, bi egun txar egin zituen eta ondo etorri zitzaizkigun atseden hartzeko».

Torallesek onartu digunez, bigarren eskalada eguna izan zen gogorrena. Urratsa zabaltzen lan handia egin behar izan zuten: «Elurra gerriraino iristen zitzaigun. Eta goitik elurrolde modukoak erortzen ziren. Alabaina, gure ibilbidean egin dugun eskalada egun onenetarikoa izan zen. M6 graduko makina bat luze egin genituen, baita izotzean 5 eta 6 gradukoak ere».

Hirugarren egunean, bestalde, bidearen giltzari egin behar izan zioten aurre. Eta espero ez bazuten ere, aldaera berri bat sortu zuten: «Zailtasunak bukatu ondoren, arrokazko murru batera abiatu ginen. Ez zen piperrik ikusten. Norabide egokitik joan ordez, ezkerrera jo nuen. Eta han geundenez, aurrera jarraitzea erabaki genuen. Bruk artifizialean atera zuen, eta nik soka gainetik gainditu nuen M8 zailtasuna. Eta hori 6.000 metrora heltzeko gutxi falta zela. Ondoren, zeharkaldian, M5 arriskutsu bat gainditu genuen. Elur zelaira iritsi eta hogei minutuko elurte batek bisitatu gintuen. Beldur handia pasa genuen! Gaua Cassin ertzean igaro ostean, laugarren egunean bertatik jarraitu eta arratsaldeko zazpietan gailurra lortu genuen».

Jaitsiera ezagutzen zutenez, kanpaleku nagusira arazorik gabe iritsi ziren. “Slovak direct” bidearen hamargarren errepikapenaren kontakizuna egin eta gero, Torallesi jarduera horren inguruko balorazioa egiteko eskatu diogu: «Gure ibilbidean egin dugun eskalada garrantzitsuenetarikoa da. Bederen, asko eskatu digu. Bide batez, azpimarratu nahi dut gozatu egin dugula. Eskalatu eta estutu bai, baina baita disfrutatu ere. Lau egun topera! Peruko Huantsanen Oriol Barorekin bost eguneko jarduera bat egin nuen, baina ezberdina izan zen. Denaliko honetan M8 eta WI6+ zailtasunak gainditu ditugu. Eta bizkar-zaku astunekin. Azkenik, Bruren laguntza eta lana goraipatu nahiko nituzke. Ez da alpinista mediatikoa, baina gozamena da horrelako gazte batekin eskalatzea. Oso gogorra izateaz gain, edozein tokitan sartu eta bertatik ateratzeko gai da».