Oriotarren harrobia ere, ezin hobe
Elantxoben nagusi izan dira Getxoren aurretik eta KAE 2 Ligako lidergoa eskuratu dute, puntuetara Getxoko taldearekin berdinduta.

Zierbenako uretan Orioko A trainerua nagusi izan bazen, bere harrobiko taldea ere ez zen atzera begira geratu atzokoan. Eusko Label Ligako estropada jokatzen ari zelarik, KAE 2 Ligako bigarren proba ere jokatu zen Elantxoben, XXXII. Elantxobeko Estropada, hain zuzen. Orioko gazteek Getxorekin lehia estua eta eder askoa izan zuten eta garaile atera ziren, klubak sekula ezagutu duen astebururik onenetakoa borobilduz.
Ondorioz, gizonezkoen arraunaren hirugarren kategorian ere Orio da sailkapen buruan, nahiz eta ez duen talde nagusiak pilatu duen alderik, ezta gutxiagorik ere. Aurreneko estropada Getxok irabazi zuen, oriotarren aurretik hain justu, eta, ondorioz, 21na punturekin bi taldeok partekatzen dute KAE 2 Ligako lidergoa.
Aurreneko luzetik aurrera nagusi izan ziren oriotarrak; ez zen beste ontzirik gai izan luze bat bost minutuz azpitik amaitzeko. Hala, traineru beteko aldea atera zion Getxori Oriok eta abantailari eutsi zion hurrengo bi luzeetan. Alabaina, bizkaitarrek dezente estutu zuten estropada hirugarren ziabogan, segundo bakarrera inguratuta.
Azken ziabogatik helmugarako bost minutu pasatxoetan egon zen garaipenaren gakoa; ikusteko zegoen Getxok atzetik aurrera egitea lortuko zuen ala oriotarrek zeozer gordean utzita ote zuten estutasunei aurre egiteko. Bistan da, azkenerako helmugan ia lau segundoko aldea lortu zutelarik gipuzkoarrek, bazutela energiarik nonbaiten gordeta, getxoztarren erasoari eutsi ez ezik, aldea berriro ateratzea lortu zuten-eta, KAE 2 Ligako lidergora iritsiz bide batez.
Eguneko beste sorpresa Castroko traineruak eman zuen, bigarren txandan arraunean eginda hirugarren postuan amaitu baitzuen azkenean. Hain zuzen ere, Castro Urdialesen jokatuko dute hurrengo estropada: hilaren 29an, 17.00etatik aurrera hasita.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
