Mikel Ibarguren
Idazlea
JOPUNTUA

Macronismoa

Macron presidenteak, Eliseora heldu zenean, gobernu efikaza osatuko zuela esan zuen. Jendearen arazoak entzun eta soluzioak ekarri behar zituen, baina patronal handiaren zein aberatsenen «haur maitatuaren» maskara erortzear da, Jaka Horiek sortutako krisiaren ondotik jendea ohartzen ari baita ardi larruz estalitako otsoa dela Eliseoko ugazaba.

Ideologia guztien gainetik dagoen presidentetzat du bere burua, baina ideologia berria sortu du, nolabait, kapitalaren mesedetara dagoen presidente ordoliberal eta neothatcheristak Europa guztira hedatu nahi duen «macronismoa» sortu baitu. Hau da, ez dago arazo sozial edo arazo estrukturalik, norbanakoen jarreren erruz gaude gauden bezala. Frantzian sei milioi langabe badaude, alferrak direlako da, eta kitto. Macronek jendartea bitan banatua du: alde batetik, beren helburuak erdiesteko sakrifikatzen direnak daude; eta bestetik, «ezer balio ez duten» horiek daude. Aberaskumeak ditu ohoratzen; aldiz, langilekumeak mespretxatzen eta estigmatizatzen ditu.

Ideologia ordoliberalaren osagarri den macronismoak norbanakoaren kultua du oinarri. Thatcherren sokari tiraka beretzat ere ez dago jendarterik, gizon eta emakume indibidualak daude. Trumpek eta Bolsonarok erakusten duten kapitalismo bortitzaren aurrean, Macronek kapitalismoaren aurpegi goxoa erakusten du. Baina Elkarrizketa Sozialaren izenean sekulako erreformak egiten ari da pixkanaka jendea desjabetuz, langile eta herritarren bizi ereduak, erosahalmenak eta duintasunak azkarki kolpatuz.

Ideologia berri honek lana «askatu» nahi du eragile sozial eta sindikatuen eskuetatik, akordio zein hitzarmen kolektiboen gerizatik. Alarma guztiak piztuak daude. Greziaren paradigma txertatu nahi digu bihotz-begietan. Borrokak biderkatuz eta alternatibak eraikiz egin beharko dugu aitzina.

Baina lehenik geure itxaropenak berreraiki beharko ditugu, geureak diren itxaropen horiekin hobeto eutsiko baitiogu eraso bortitz honi.