Andoni ARABAOLAZA
LEHIA

Nazioarteko hitzordu ofizialetan euskal ordezkariak bikain

Bartzelonan jokatutako Eskaladako Espainiako Kopako lehen proban Manex Iñurrategi, Ainhize Belar, Joanes Esparta eta Martzel Vicariok podiumak sinatu zituzten. Europako Kopan, jubenilen mailan, Mikel Linacisorok eta Andoni Espartak protagonismoa izan dute.

Eskalada lehietan jarduten duten euskal ordezkariek nazioarteko bi hitzordu ofizial izan berri dituzte. Biak ala biak, gainera, asteburu berean. Batzuk Zailtasuneko Espainiako Kopako lehen proban izan dira; beste batzuk, berriz, Europako Kopan lehiatu dira. Nahiz eta egoera horrek emaitza orokorretan eragina izan duen, lasai asko esan dezakegu bi lehia horietan izan diren euskal eskalatzaileek emaitza bikainak erdietsi dituztela.

Fedme-k antolatutako erregulartasunaren zirkuituari dagokionez, esan behar dugu kategoria gazteenetan izan direnek maila oso ona eman dutela. Bartzelonan jokatutako hitzorduan 100 eskalatzailek baino gehiagok hartu zuten parte. Eta tartean ziren Euskal Mendizale Federazioko zein Nafarroako Federazioko ordezkariak.

Espainiako Koparen historian lehen aldiz 14 urtez azpikoen mailakoak nor baino nor borrokatu ziren. Eta EMFren izenean lehiatu zirenek lehen podiumak sinatu zituzten. Nesketan, adibidez, Ainhize Belar podiumaren hirugarren koskara igo zen. Bigarren sailkatuarekin berdinduta geratu zen, baina denborak kontuan hartuta brontzea egokitu zitzaion. Manex Iñurrategik, berriz, zilarra ekarri zuen etxera; irabazleak soilik, Luc Maciak (top egin zuen), irabazi zion.

16 urtez azpikoen kategorian, bestalde, Irati Guenetxea finalean sartu eta seigarren postua lortu zuen. Zazpigarren, baina finaletik kanpo, Lucia Arlanzon sailkatu zen. Mutiletan, hirugarren euskal podiuma heldu zen. Eta bigarren koskara igo zena Joanes Esparta izan zen. Final hori lehia estukoa izan zen; izan ere, lehen hiru sailkatuek bidea kateatu zuten. Baina finaleko bidean eginiko denboragatik, bilbotarra bigarrena izan zen.

Beste urrats bat egin eta 18 urtez azpikoen jarduna aipatuko dugu. Aitziber Urrutiak finalean sartzeko aukera izan zuen, baina podiumetik at geratu zen: bosgarren postua sinatu zuen. Eta Martzel Vicariok euskal ordezkarien laugarren eta azken podiuma lortu zuen. Bigarren sailkatuarekin berdinduta geratu zen, irabazlearengandik gertu. Hirugarrena izan zen. Beste bi euskal ordezkari finalera igaro ziren: Iker Carrera bosgarrena izan zen, eta Unax Uterga, zortzigarrena.

20 urtez azpikoen mailan “hutsunea” egon zen; ez, ordea, seniorretan. Gogoratu behar dugu egungo euskal lehiakide sasoikoenak Europako Kopan zirela. Alabaina, Martin Urrutiak finalean sartu eta seigarren postua lortu zuen.

Bigarren hitzordua

Bien bitartean, Suitzako Ostermundigen herrian Europako Kopako lehen proba jokatu da. Hau ere zailtasuneko modalitatean, baina ez seniorren kategorian, baizik eta gazteen mailan.

IFSC Nazioarteko Kirol Eskaladako Federazioak antolatutako zirkuitu horretan ere euskal ordezkariak izan ditugu. Baina jakina denez horiek guztiak Fedme edo Espainiako Selekzioarekin lehiatu dira. Hain zuzen ere, lau ordezkari: Haizea Oses, Aimar Uson, Andoni Esparta eta Mikel Linacisoro.

Aurreko hilabeteotan horietako batzuk zirkuitu horretan baina blokeko modalitatean lehiatu izan dira. Orain, berriz, soka gerrira lotzea egokitu zaie. Eta trantsizio horretan, bi euskal eskalatzaile lehen lerroan izan dira.

Jubenilen kategorian iritsi ziren berri pozgarrienak. Espartak eta Linacisorok finalera sailkatzeko txartelak eskuratu zituzten. Bilbotarra hirugarren postuan igaro zen; bergararra, aldiz, zazpigarrenean. Hala ere, finalean postu horiek aldatu egin ziren. Linacisorok berriro sokaren sentsazioak berreskuratu, eta brontzea patrikara sartu zuen. Esparta, berriz, zazpigarren geratu zen.

Youth B kategorian, bi euskal debutari izan ziren: Oses (31.a) eta Uson (23.a).