Asier AIESTARAN
Arrauna

Kontxa eta Castro, bi klasiko asteburuko estropadetarako

Itsaso zabaleko eremuak dira biak, baina ez da baldintza aldrebesik espero.

TKE Ligak bi hitzordu klasiko izango ditu asteburu honetan: gaur Kontxako badia bisitatuko du, Donostian; eta bihar Castro Urdialesen izango da zita. Itsaso zabaleko eremuak dira biak, ikuskizuna ziurtatzen dutenak, baina printzipioz ez da baldintza bereziki aldrebesik espero egunotarako: metro erdi eta metro bete inguruko olatuak eta haizea leun samar.

Gaur Donostian Donostiarra Kaiarriba Amenabar banderak ipiniko dira jokoan 18.00etatik aurrera. Euskotren Ligako lau ontzientzat bosgarren jardunaldia izango da, eta oraingoz Orio dago lidergoan 15 punturekin, lautik hiru irabazita. Arraun Lagunak bi puntura dago, eta gaur etxean bigarren garaipena eskuratzen saiatuko dira.

Ondoren, Eusko Label Ligako zazpigarren estropada puntuagarria helduko da. Lau luze eta hiru ziabogako eremua erabiliko da eta txandak sailkapen nagusiaren arabera antolatuko dituzte. Aurrenekoan Astillero, San Pedro, Lekittarra eta Cabo irtengo dira; bigarrenean Ondarroa, Kaiku, Urdaibai eta Donostiarra; eta hirugarrenean Zierbena, Santurtzi, Hondarribia eta Orio. Orio dago lider 67 punturekin, Hondarribiak 61 ditu eta Santurtzik 57.

Bihar, Castron, lehia 11.40ean hasiko da eta Caixabank banderak ipiniko dira jokoan. Gizonezkoen estropadan txandak bezperako emaitzen arabera antolatuko dira.

KAE-1 Ligak ere Donostian du hitzordua, gaur 11.00etan, arratsaldean erabiliko den eremu berean. Eta KAE-2 Ligak jardunaldi bikoitza izango du gaur eta bihar Portugaleten, 13.00etatik aurrera. Bihar, ordu bat lehenago, ETE Ligako estropada ere jokatuko da bertan.

Azkenik, aipatu egunotan arraun munduan dabilen gaia: San Juan Jose Luis Kortarekin hitz egiten ari dela gizonezkoen lehen trainerurako entrenatzaile bezala fitxatzeko.