Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

10 urterekin, Selah Schneiter-ek «The Nose» bidea eskalatu du

Yosemiteko Kapitainen dagoen marra mitiko hori igo duen eskalatzaile gazteena da. Sokaburu hiru luze egin zituen soilik.

Munduan dagoen bide mitiko zein ikonikoenetarikoa da “The Nose” bidea. Historia luzea du, eta dituen 30 luze eta 950 metroetan jarduera ikaragarriak egin dira. Kolore guztietakoak, alegia. Estatubatuarrak ez direnentzat, agian, izenburu bereziak ere eskaintzen ditu. Eta azkena, joan den hilabetean idatzi zen: Selah Schneiter-ek, 10 urteko haurrak, “The Nose” eskalatu zuen. Aita (Mike) eta haren kide Mark Regier izan ditu sokakide.

Errekorrak maite dituztenentzat, haur horrek egin duena txalotzeko modukoa da; izan ere, bide hori igotzen eskalatzaile gazteena izan da. Baina ohi den bezala, izaera horretako albisteek galdera batzuk sortzen dituzte: etikoki egokia al da hamar urteko neskato bat marra horretan sartzea? Zer bilatu ote du haren aitak? Berez, eskalada gisa har daiteke?

Kontuak kontu, argi dagoena da Schneiter hedabide orokorren zein espezializatuen azaletan agertu dela. Hiruko sokada horrek bost egun behar izan ditu “The Nose” eskalatzeko. Denera, haurrak hiru luze sokaburu egin zituen: bidearen lehena (Pine Line, 5a, hasierako aldaera bat da), Texas Flake eta Boot Flake luzeen arteko zeharkaldia eta azken luzea.

Schneiterren ibilbidea ezagutu ahal izateko, lehenik eta behin aipatu behar dugu 1,25 metroko garaiera duela eta 25 kilo pisatzen duela. Bada, fisiologia horrekin joan den ekainaren 13an “The Nose”-ren gailurrera iritsi zen. Haurrak adierazpen bakarren bat egin du; bozeramaile lanak, berriz, haren aitak egin ditu: «Jende askok galdetu dit ea zergatik sartu nuen alaba bide luze horretan. Guk ez genuen protagonismorik nahi; hots, hedabideen izenburuetan azaltzea. Baina, bide batez, onartu behar dut hori espero nuela. Argi eta garbi adierazi nahi dut eskalada hori guretzat egin genuela. Nire alabaren energiak bultzatu zuen. Beste era batera esanda, bere asmoa izan da. Ni mendi gidaria naiz, eta, bezperan, ‘The Nose’ bitan eskalatu nuen. Hori egin eta gero, marra hori ez igotzen konbentzitzen jardun nuen. Baina jakin badaki gure familia Kapitain murruarekin erabat lotuta dagoela. Xede horren atzetik urteak egin ditu, eta, azkenean, bere ametsa egia bihurtu da».

Eta Kapitain hormarekin duten lotura ulertzeko, aurreratu behar dugu haurraren gurasoek duela 15 urte ezagutu zutela elkar, hormatzar horretan eginiko eskalada batean: «Mike ere gurekin zegoen, eta ‘Lurking Fear’ bidea igo genuen. Zortzi hilabete beranduago ezkondu ginen. Eta 2009. urtean, hilabete eskas batzuk zituela, Selah Kapitainaren oinarrira eraman genuen».

Kapitain hormatzarrarekin soilik ez, protagonistaren gurasoek eskalada odolean daramate. Eta hori diogu, hain zuzen, 18 hilabete zituela jarri ziotelako lehen aldiz arnesa haurrari. Hori gutxi ez, eta bost urterekin izotz-eskaladan lehen urratsak egin zituen. Pioletak zein kranpoiak handiegi zituenez, aitak tresneria berezia egokitu zion: «Nahiz eta garai haietan eskalada modalitate hori probatu zuen, berez, lehen eskalada serioak iaz egin zituen; izan ere, izotz-eskaladan erabiltzen den tresneria mugitzeko indarra behar da. Arrokan, bestalde, seigarren urtebetetzean eskatu zidan etxe ondoan dugun basamortuan (Colorado National Monument) dorre bat eskalatu nahi zuela. Hurrengo urtean hara eraman eta ‘Otto’ bidea (5b+) eskalatu zuen».

«Eskarmentu ederra»

Haur asko bezala, Schneiter ez da soilik kirol batean mugatu. Eskaladaz gain, eskia eta minigolfa praktikatzen ditu. Baina Kapitain eskalatu ondoren, aitari esan omen dio golf gutxiago egin nahi duela eta eskalada eta eskia gehiago.

Eskaladak, berez, fama eman dio, eta, aurreratu dugun bezala, hori iragan hilabetean izan zen. “The Nose”-n egin behar zuen eskalada ondo prestatu zuen: «Eskalada tradizionalean zein artifizialean hainbat luze egin zituen. Horretaz gain, penduluen maniobrak egiten jardun du; baita ere, jumareatu. Bestalde, hamaka batean gau bat igaro zuen. Baina eskaladari dagokionez, soilik Coloradon, Utah-n eta etxeko garajean jardun du. Eta, jakina, praktika hauek guztiek emaitza onak eman dituzte».

Nahiz eta sokaburu soilik hiru luze egin zituen, haurraren aitak baieztatu du gehiago lideratu nahi zituela: «Kontuan hartu behar da garaiera txikia duela berak, eta parabolt batetik bestera dagoen distantzia oso handia dela. Tranpa txiki batzuk egin behar izan zituen parabolt batetik bestera heltzeko, baina, jakina, hori ulergarria da. Harritu ninduena da ‘The Nose’ eskalatu genuenean esan zidana, hau da: ‘Aita, uste dut oso kontserbadoreak izan garela’. Nahiz eta sokaburu gutxi eskalatu duen, aurreratu behar dut lan eskerga egin zuela. Batez ere, sokaburuak utzitako tresneria ateratzen. Uste dut %80 Selah-k garbitu zuela. Guk eskalatu eta petatea igotzen genuen bitartean, alabak, jumareatzeaz gain, garraio lan horietan lagundu zigun. Gu baino azkarrago mugitzen zen».

Berez, “The Nose” eskalatzeko lau egun iragarri zituzten; azkenean, beste bat gehitu behar izan zioten. Haurraren aitak adierazi du jarduera osoa ederra izan zela oso: «Erritmoa mantsotu genuen; izan ere, jaikitzerakoan eta atseden uneetan disfrutatu nahi genuen. Lehen bi egunetan, berriz, petateak pisu handia zuenez, lasaiago joan ginen. Janari, ura eta arropa asko generamatzan. Baina, oro har, eskalada lasaia izan zen. Jakina, une jakin batzuetan alaba nekatua zegoen. Horretaz gain, bero handia egin zigun».

Kapitainetik jaitsi bezain laster, “Alpinist” aldizkaria protagonistarekin hartu-emanetan jarri zen, eta honakoa azaldu du: «Oro har, eskarmentu guztia baloratzen dut. Eta kosta zait jabetzea egin dudala. ‘Zodiac’ bidea egitea dibertigarria izan daiteke. Baina gurasoek ‘Lurking Fear’-ekin duten harremanagatik, hura eskalatzea ere gustatuko litzaidake».

Schneiter da, beraz, “The Nose” eskalatu duen eskalatzaile gazteena. Agian horrek ez du garrantzirik. Ala bai?