Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

AfCFTA, merkataritza-gerren aroan

Mundua den baino sinpleago ez ikusteko behintzat balio dezake. Bere garaian, europar supra-estatuaren proiektuak bazterra jo bazuen Konstituzioaren egitasmoa –nork du gogoan?– hondoratu zenean, gaur egun gero eta garbiagoa dirudi azken hamarkadetako olatu neoliberal-globalistaren ifrentzuan sartzen ari garela. Txinarekiko gatazka deliberatuki sutu duen Trumpen ateraldia –«merkataritza-gerrak onak dira, eta aise irabazten dira»–, gainerakoetan bezala, arlotekeria bat izango da; baina inork gutxik jartzen du ezbaian honezkero, zio askorengatik, merkataritza-gerren aro baten atarian dagoela mundua.

Mundu osoa? Ez, bada; Asterixen istorioetan bezala. Bada kontinente bat alderantzizko bidean doala dirudiena. Afrika.

Izena ez du biziro erakargarria asmazioak: AfCFTA, horrela idatzita. Afrikar Kontinenteko Merkataritza Libreko Akordioaren ingelesezko sigla da. Afrika osoa merkataritza libreko (eta pertsonen joan-etorrirako!) esparru bakarra bihurtzea helburu duen egitasmo anbiziotsua iazko martxoan jarri zen abian Kigalin, Afrikar Batasunaren gerizpean. Hasierako onespen zabalak, hala ere, arazo potoloak zituen berehala aurrean. Besteak beste, kontinenteko bi ekonomia nagusien errezeloa: Nigeriak eta Hegoafrikak, bakoitzak bere arrazoiengatik, ez zuten bat egiten asmoarekin erabat.

Urtebete igaro da, eta aurtengo ekainetik aurrera –Saharar Errepublikarenarekin, 22 estaturen berrespena baduelako– indarrean da akordioa. Beste hainbat herrialderen berrespena berehalako kontua dela ematen du.

Baina albiste nagusia, eta joera markatzen duena, «bi handietan» datza: Hegoafrikak, tratatua onartu ez ezik berretsi egin du urtebete horretan; eta Nigeriak, joan den astean izenpetu zuen ituna, berrespenerako denbora beharko duela uste bada ere.

Esan liteke orain arte indiferentziaz (ez) ikusi dela mugimendua inperioaren zilborrean. Ate-joka dugun merkataritza-gerrak du lehentasuna, noski.

Baina Asterixen herrixka baino handixeagoa da Afrika...