Lore AGIRREZABAL
HAUR LITERATURA

Bidean dago erantzuna

Norbaitek «ikara» hitza marrazteko eskatuko balizu, nola irudikatuko zenuke? Hasteko, zer da ikara? Hiztegian topa daiteke bere definizioa, baina esaten al du nolakoa den? Badu formarik, kolorerik? Hain da abstraktua…

Bada, liburu honetako protagonistari, Iratiri, horixe eskatu dio irakasleak: ikara marrazteko. Baina berak hiruzpalau edo bospasei urte izango ditu eta hitz horren esanahia ezezaguna zaio. Antzerakoak ezagutzen omen ditu: kikara, ikaragarria, lurrikara, hotzikara… baina «ikara» ez. Beraz, ez daki nondik abiatu, eta bere ingurukoei galdezka hasi da. Aitonarengana jo du lehenengo, baina haren erantzuna bitxia iruditu zaio; ez zaio horrekin lotutako irudi argirik etorri burura, ez berehalakoan behintzat. Amonarekin beste horrenbeste gertatu zaio. Hortaz, kioskoko Juliarengana joan da baina haren erantzunarekin ere ez du argi ulertu «ikara» zer den. Azkenik, goiko auzokidearekin topo egin duenez, hari galdetu dio, eta, antzera geratu da. Izan ere, oso erantzun kuriosoak (metaforikoak) dira jaso dituen guztiak, oso desberdinak denak, eta kosta egin zaio horri forma argi bat ematea.

Dena dela, ikara hitzaren antzerakoak bilatuz, beste batzuk gogoratuz, eta jasotako erantzunak lotuz, puzzlea osatzen joan da. Ondoren, bere buruan irudikatu duena marrazten saiatu da; erantzun guztiak elkarren segidan jarri eta halaxe osatu du bere marrazkia. Lasai asko geratu da egindakoarekin, baina harritzekoa: Iratiren marrazkian ez dago ez otsorik, ez mamurik, ezta lapurrik ere.

Asko gustatu zait istorioak hartu duen bidea, haurrekin ari garenean zuzenean konkreziora edo orokorkeriatara jotzeko joera baitugu, eta, hemen ez da horrelakorik gertatzen. Agian, haur (eta heldu) askori bitxia irudituko zaie kontakizunaren garapena, baina bitartekari baten konpainian irakurriz gero, ziur naiz solaserako hizpide bat baino gehiago sortuko direla. Izan ere, zer da ikara?

Hitz horren esanahitik haratago, haurrek mundua behatzeko duten moduaz eta beharraz dihardu liburuak. Haurrak dena ondo behatuz, gehiago dakienari galdetuz eta erantzuna bere modura barneratuz osatzen du berri zaionaren irudia. Alde batetik, jakin-minak haurrengan eragiten dituen galderetatik abiatuta, horien erantzunetatik bakoitzak bere bizipenen eta testuinguruaren arabera osatzen duen mundu-ikuskera bat eta bakarra dela uler daiteke kontakizun honetan. Bestetik, tituluak iradokitzen duen bezala, garrantzitsuena Bidean dago; behaketan, galdera-erantzunetan, hausnarketan, bilatze etengabe horretan.

Betiko irudi eta definizioetan erori gabe, ohiko esanahiak eta azalpenak eman beharrean, bestelakoak ematera ausartu dira Garazi Arrula eta Helena Azkarragaurizar, bai hitzez, bai irudiz. Lan ederra osatu dute. Hizkiz eta marrazkiz osatutako liburua da, eta, album onetan gertatzen den moduan, elkarren osagarri dira biak. Ilustratzailearen estiloa, gainera, irudi ederren topikoetatik urrun dago, eta, horrek, are erakargarriago egiten du kontakizuna. A! Eta tipikoa ez den beste detaile polit bat ere badu: amarik ez da ikusten Iratiren etxean, aita da, sukaldeko mantala jantzita, etxean zain daukana.

Bide ausarta iruditu zait sortzaileena, baita editorearena ere; hain zuzen, gure artean ohiko bideetatik urruntzen den argitaletxe bakan horietakoa da Denonartean.