GARA
DONOSTIA

Gipuzkoako ekoizle ekologikoek «Sareko» aurkeztu dute

“Sareko: Baserritik sukaldera, harreman sarea” proiektua aurkeztu zuten atzo Donostiako Kafe Botanika jatetxean. Era ekologikoan lan egiten duten Gipuzkoako ekoizleen eta ostalaritza sektorearen arteko zubia izan nahi du Sareko ekimenak. EAEko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) eta Biolur Gipuzkoako elkarteak babestu dute.

Gipuzkoako hamabi ekoizlek, Donostialdeko hogei jatetxek eta bi kontsumo taldek osatzen dute proiektua. Sortzaileek adierazi zuten legez, ekoizleek ingurumenarekin errespetua duten 0 km-ko elikagaiak, osagai bereziak, osasuntsuak –agrotoxikorik erabili gabe– eta zaporetsuak eskaintzen dituzte.

Produktu guztiak ekologikoak eta bertakoak –hau da, Gipuzkoakoak– direla nabarmendu zuten, eta eskaintza zabala dela ziurtatu zuten.

Katalogo bakar bat

Bidezko salneurriak errespetatzen dituen eta banaketa kate laburreko zirkuituak uztartzen dituen komertzializaziorako tresna propioa eskaintzea du helburu Sarekok. Eskaintza bateratua eratu du, katalogo bakar bat kudeatzearekin komertzializazio eta logistika lana erraztuko baitie ekoizle zein ostalariei. Lan tresna erabilerrazak eta gardenak eraiki ditu Sarekok eta horietariko bat da online plataforma.

Era berean, argitu nahi izan zuten ez dela elikagaien banaketa enpresa bat, baizik eta ekoizleak eta jatetxe edo kontsumo taldeak harremanetan jartzen dituen sarea dela.

2017an Gipuzkoan –Donostialdean, zehatz-mehatz– martxan jarri zen proiektu pilotua du oinarri Sarekok eta Araba eta Bizkaira zabaltzeko jomuga duela iragarri zuten atzoko aurkezpenean.