Orioko trainerua, baldintzen gainetik

Baldintzak aldatu arren, Oriok berdin jarraitzen du Euskotren Ligaren erregetzan. Bost estropada falta dira liga amaitzeko eta nahikoa lukete mirotzek bost estropada hauetan bigarren amaitzea txapelketa bereganatzeko. Santurtzin ere ez zuen kolorerik izan, horia ez bada, emakumeen estropadak.
Hiru ziaboga eman beharrak neurri baten aldatu egin du Euskotren Ligako estropada, Santurtziko eremuak hala eskatu baitzien traineruei. Alabaina, ohiko ildotik jo zuen emakumeen lehiak; hau da, Orio buruan, Arraun Lagunak ostean eta Donostiarra zein Hondarribiaren arteko buruz burukoa hirugarren postuari begira.
Ibaizabalgo ibaiadarra, betiko moduan, petrala izan zen arraunlarientzat, are petralagoa ipar haizea sartuta eta marea beherantz zihoala aintzat hartuta. Ondorioz, taldeek haizearen aurrean babesa bilatu zuten, nahiz eta ordainetan korronteen aurka ibili behar. Zentzu horretan, “Ama Guadalupekoak” Donostiarrari beste behin aurrea hartu zion. Bien bitartean, bi traineruko aldea zabaldu zuen Oriok Arraun Lagunakekiko.
Helmugara banaka
Estropada amaierara iristen zelarik, Arraun Lagunak bera ere Orioren ubera bilatzen saiatu zen. Irabaztea ezinezkoa zela ikusita, gutxienez ahalik eta erosoen eraman nahi izan zuen estropada “Lugañene” ontziak.
Aldiz, poz ikaragarria hartu zuten “Txiki” traineruko emakumeek. «Lan handia egin dugu», zioen Nadeth Agirre patroiak helmugara iritsi berritan. Bestetik, Hondarribia puntu bakarrera hurbildu zitzaion Donostiarrari sailkapen nagusian.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
