Andres OSA «SAKONA»
Aizkora

Txapelketak Nafarroan eta Euskal Herri mailan

Bihar, 18.00etan, Ezkurran, Euskal Herriko 3. mailako Aizkora Txapelketako lehen kanporaketa jokatuko da. Parte-hartzaileak hamabi dira: Luis Polanco (Araba), Xabier Garcia (Bizkaia), Daniel Lopez (Bizkaia-Asturias), Esteban Muniz (Bizkaia-Asturias), David Naredo (Bizkaia-Asturias), Julen Aranbarri (Gipuzkoa), Jokin Alkizalete Gipuzkoa), Xabier Orbegozo (Gipuzkoa), Aitor Urteaga (Gipuzkoa), Suharri Rodriguez (Gipuzkoa), Borja Fernandez (Gipuzkoa-Segovia) eta Manuel Fraile (Gipuzkoa-Segovia). Bi aurrenak finalerako sailkatuko dira, beste bi kanporaketetan sailkatzen direnekin batera. Gatikan egingo da bigarrena eta Irurtzunen hirugarrena.

Arantzan Nafarroakoa

Bihar jokatuko da ere Nafarroako bigarren mailako aizkolarien kanporaketa, 18.30ean Arantzako pilotalekuan. Bete beharreko lana bi kana-erdiko eta 60 ontzako enborrak ebakitzea izango da. Lehiakideak: Goizeder Beltza, Jesus Etxeberria, Jon Telletxea, Mikel Indakoetxea, Miel Angel Etxeberria, Xuban Kañamares, Patxi Mindegia, Emilio Garcia, Jacinto Etxekonanea eta Iker Gorriti.

Kanporaketan sailkaturiko lehen bost aizkolariek finalerako txartela lortuko dute eta noiz eta non jokatuko den zehazteke dago.

3.mailako aizkorako finala

Burlatan jokatuko da Nafarroako 3. mailako aizkolarien finala, 20.00etan. Txomin Amundarain, Ibai Soroa, Julen Olano, Bittor Suarez eta Eneko Pagolak parte hartuko dute. 45 ontzako bi enbor eta kana-erdiko beste bi ebaki beharko dituzte. Lehenengo bukatzen duten bi aizkolariak mailaz igoko dira.

Donostiako Urrezko Aizkora

Atzo arratsaldean jokatu zen Donostiako Trinitate plazan izen handiko aizkoljokoa. Bost aizkolari, eta lana azkarren bukatzen Iker Vicente izan zen, 14 kana-erdiko ebakitzen 30:11ko denbora egin zuen. Bigarren, Mikel Larrañaga (31:38). Lehen partean aurretik ibili zen, baina adar zitalen bat tokatu zitzaion eta atzeratu egin zen. Ondoren, Aitzol Atutxa (34:12), Iñaki Azurmendi (37:37) eta Eneko Otaño (41:06). Azken lau enborretan markatu ziren tarteak. Iker Vicentek hiru egunetan bi sari irabazi ditu, biak izen handikoak.

Atzo jokatu zen Amurrion Urrezko Aizkolari txapeldunen ekitaldi berri bat. Julen Alberdi Txikia V.a eta Ugaitz Mugerza II.a neurtu ziren. Bost ariketa izan zituzten eta batean izan ezik beste guztietan Alberdi izan zen garaile. Bere lana bukatzeko 25:01eko denbora behar izan zuen eta Mugerzak, 26:34koa. Urdulizen jokatuko dute, irailaren 8an 12.00etan, Mikel Larrañagak eta Ruben Saralegik.