16/08/2019

Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
Usteak erdia ustel
Etiketen indarrari ezin zaio muzin egin; ebidentzia zientifikoari esker gezurtatuak badira ere, bizirik irauteko gaitasuna dute. Kasurako, atzerritarrak delinkuentziaren hazkundearekin lotzen dituztenak

Gure opor bidaian etenaldi txiki bat egin genuen Madrilen. Aukera ezin hobea izan zen erakustaldi interesgarriez gozatu eta kontzertu on bat entzuteko. Hala eta guztiz ere, dena ez zen horren atsegina izan. Garraio publikoa, metroa zein trena, hartu genuen bakoitzean polizia bidaiariak identifikatzen ikusi genuen; kasu guztietan identifikazio etnikotzat jo zitezkeenak, eta ez ziren gutxieneko errespetua agertuz egin. Behaketarako tarte txikia izan zen, arinegia ondorioak ateratzeko, baina gorputzean ezinegona eragiteaz gain, estereotipoen inguruan hausnarketa egitera eraman ninduen.

Estereotipoak talde zehatz baten inguruko ikuskera orokortuak dira. Hortaz, gizatalde batek ezaugarri berberak partekatzen dituela ziurtzat ematea da, kontuan hartu gabe kide bakoitzaren ezaugarri zehatzak. Gure mundu konplexua sinplifikatzeko lagungarriak dira, baina prezio altu baten truke. Azken batean, pertsonok jasotzen dugun trataera oso lotuta dago gizarteak kokatzen gaituen tokiarekin. Horrela, estereotipoek «guk» eta «haiek» hierarkia finkatzen laguntzen dute.

Garbi dago etnikotzat jo daitezkeen identifikazioak ez direla onargarriak, ezta legezkoak ere, Nazio Batuen Giza Eskubideen Komiteak Espainiari gogorarazi behar izan zion moduan. Dena dela, horren argiak –edo estereotipoei horren lotuak– ez diruditen ondorioak ere kontuan hartzekoak dira; esaterako, bereizketaren eta berdintasunik ezaren indartzea. Tamalez, lerrabide kognitiboak ez dira gutxi batzuen arazoa, modu batean edo bestean orokortuta daudela esan dezakegu, baita operadore juridikoen kasuan ere.

Etiketen indarrari ezin zaio muzin egin; ebidentzia zientifikoari esker gezurtatuak badira ere, bizirik irauteko gaitasuna dute. Kasurako, atzerritarrak delinkuentziaren hazkundearekin lotzen dituztenak. Estereotipoak horren barneratuta ditugunez zaila egiten zaigu horiez ohartzea, baina hauek izendatzea –modu indibidualean eta kolektiboan– ezinbesteko ariketa da, benetako aldaketak gertatzea nahi baldin badugu behintzat.