GARA
IRUÑEA

Zinema Gauak egitasmoa hasiko da bihar «Mi querida cofradía» filmarekin

Datorren astean Zinema Gauak ekimena hasiko da Iturramako Bulebarrean. Bihar “Mi querida cofradía” komedia dramatikoa (2018, Espainia, 87 min) eskainiko dute. Marta Diaz de Lopek zuzendutako filmak Carmenen gorabeherak ditu ardatz, bere herriko kofradiaren alde lanean 30 urte baino gehiago daramatzan emakumea. Carmenen ametsa Aste Santuko ospakizunetan funtsezkoa den eta gizonak nagusi diren kofradiako lehendakaria izatea da.

Filmak jite satirikoa erabiltzen du jai erlijiosoak eta gizartearen jarrera matxistak jorratzeko. Carmen Flores protagonistak aktore onenari emandako saria irabazi zuen Malagako jaialdian.

Txantrean

Asteartean, berriz, Txantreako Arriurdiñeta plazaren txanda izanen da. Bertan, euskarazko film bat emango da, adin guztietako ikusleentzat. Zehazki, hiru dimentsioko animaziozko “Hurrak eta lapurrak 2” (2017, Kanada, 91 min) lana eskainiko da. Filma izen bereko 2014ko lanaren bigarren atala da, eta Cal Brunker da zuzendaria.

Surly urtxintxa morea eta bere lagun karraskariak hur ugari dauden denda batean bizi dira. Andie kezkatuta dago horregatik, animalia sena galtzen ari direla uste duelako. Denda desagertutakoan, guztiek jolas-barruti bilakatzear dagoen parkera itzuli beharko dute.

Zinema Gauak ekimeneko saio guztiak dohainik dira eta proiekzioak 22.00etan hasten dira.