Jon GARMENDIA
Idazlea

Proba ezazu

Mihise berde bat da bortua udan, urtekari eta biurtekari diren landare zurtoinez jositako amantala, eta han, belar zelaietan, azken bazkaz gozatzen dute ardi eta behiek guztiaren urrun. Gosea asetzea premi bakarra den munduaren zati, besteen exijentziez arduratu gabe, eta alferrikako hitzez ezaxola; nola eta zertarako baztertuz, izaite soilak garrantzi soila duen espazioan eta denboran.

Heier so imajinatzen ditut artzainak, Pierre Bordazarren gisa, «Bedatseko lehen beruetan Orhi delarik berdatzen, harrotürik artzainak dira petik gora abiatzen, beha itzazü kantan ari zure lürraren laidatzen», kantatzen duen herria ez baita besteak bezala hilko, alaitasunaren altzoan baizik.

Baina zein gutxitan joaten zaren mendietako haitz artera!, bakea eta lasaitasuna eskuratzeko aitzakiari jarraika baino ez, eta apika, berantegi da galdutako osasun mentala berreskuratzeko. Dena belozidadea den aro teknologikoak eman gutxi eta kendu anitz baitu izenburu. Gainera, Saint-Exuperyk zion bezala, izar bati jarraika mendi maldak eskalatzen badituzu, eta maldari atentzioa ezarri, izarrarena galduko duzu. Baina igotzea proba ezazu, goitik baino ez baituzu mendia neurtuko, azpitik gorako neurketek artzainei balio diete beharbada, kanturako. Eta melodiarik ez zaizu entzuten aspaldian, beraz agian, menpekotasunak askatuta zerbait pikutara bidaltzeko garaia da, bidaltzen duzunean ohartuko baitzara zer-nola lotzen zintuen.