GARA
IRUÑEA

Obesitatearen aurkako kanpaina sustatu du Medikuen Elkargo Ofizialak

Nafarroako Ospitale Guneko Nutrizio Kliniko eta Dietetikoko sekzioaren burua den Maria Estrella Petrinak obesitateak dakartzan arriskuei buruz ohartarazi du Medikuen Elkargo Ofizialaren kanpainaren baitan.

Nafarroako Ospitale Guneko Nutrizio Kliniko eta Dietetikoko sekzioaren burua eta Nafarroako Endokrinologia eta Nutrizioko Elkarteko kidea den Maria Estrella Petrinak obesitateak dakartzan arriskuei buruz ohartarazi zuen atzo, obesitatearen eta gehiegizko pisuaren aurka Medikuen Elkargo Ofizialak martxan jarri duen kanpainaren baitan.

Obesitatea, Medikuen Elkargo Ofizialaren arabera, norbanakoaren gorputzean sortzen den gehiegizko gantza da, eta azken hamarkadetan mundu-mailako dimentsioak hartu dituen epidemia bilakatu da, kontsumoan eta sedentarismoan oinarritutako bizimodua dela medio.

Horren harira, gizonen artean, gantz ehunekoak %25eko muga gainditzen duenean, obesitateaz hitz egin beharra dagoela azaldu zuen Petrinak, eta emakumezkoen artean, aldiz, %27-30eko muga gainditzean. Hala ere, adituak, gehiegizko gantzaz gain, gantz motak eta gantzon banaketa ezagutzea ere garrantzitsua dela azaldu zuen.

Obesitatea diagnostikatzeko gorputz-masaren indizea erabiltzen da, masa kilogramotan zati altuera ber bi metrotan kalkulua eginez. Horren arabera, gorputz-masaren indizeak gora egiten duen heinean, gantz portzentajea areagotu egiten da.

Bestalde, Obesitatearen Azterketarako Espainiako Elkartearen azken sailkapenaren arabera, gehiegizko pisua diagnostikatzen da gorputz-masaren indizeak 25eko kopurua gainditzen duenean, eta, obesitatea, ordea, 30ekoa gainditzean. Obesitate morbidoa 40ko kopurutik gora diagnostikatzen da, baina zifrok adinaren arabera alda daitezke.

Petrinak azaldu zuenez, gehiegizko gantza izatea hipertentsioa, diabetesa, loaldiaren apnea, gutxiegitasun kardiakoa, kolesterol altua, behazun kalkuluak eta osteoartritis bezalako gaixotasunen oinarrian dago. Nutrizioan espezializatutako doktoreak «obesitate sarkopenikoa» terminoa ere aipatu zuen, gehiegizko gantza eta muskulu-masaren murrizketaren arteko harremanaren emaitza dena. Horrek obesitatea are gehiago larriagotzen du, erortzeko eta hausturak izateko arriskua handiagoa delako.

Obesitate sarkopenikoa intsulinarekiko erresistentzia handiagoarekin ere erlazionatuta dago, baita gaixotasun metabolikoekiko prebalentzia handiagoarekin ere. Ez hori bakarrik, norbanakoaren gaitasun funtzionala ere gutxiagotzen du.

Bideo-elkarrizketak

Medikuen Elkargo Ofizialak «osasun aholkuak ematea, biztanleriaren osasuna eta ongizatea hobetzea eta informazio fidagarria ematea» helburu duen kanpaina martxan jarri zuen atzo. Kanpainaren baitan, sei minutuko bideo-elkarrizketak eskaintzen zaizkie herritarrei. Horietan, Nafarroako Lehen Arretako eta Arreta Espezializatuko profesionalek prebentzio, diagnostiko eta gaixotasunen tratamenduei buruzko aholkuak ematen dituzte.