GARA
BILBO

Eraikinen kalitate energetikoa neurtzeko tresna bat sortu du EHUk

Ana Picallo ikertzaileak osatu du tesia eta termoekonomia zientzian oinarritu da. Eraikinetan degradatzen den energia neurtzea du xede.

«Mundu mailan, eraikinek kontsumitzen dute energiaren herena, eta hori izugarria da. Hortaz, eraikinen kontsumoa murriztea ezinbestekoa da». Hori ondorioztatu du Ana Picallo Perezek, EHUko Makina eta Motor Termikoen saileko ikertzaileak.

“Termoekonomia: Eraikinen sistema termikoetan energia eta ekonomia ebaluatzeko tresna” tesia argitaratu berri du. Termodinamika eta ekonomia nahasten dituen zientzia da termoekonomia, eta ikerketa honen helburua kontzeptu hau eraikinetan aplikatzea da. Eraikinen energia kontsumo handia murriztea nahitaezkotzat du Picallok: «Batetik, energiaren beharra mugatzeko eta, bestetik, eraikuntza sektorea hobetzeko».

Termodinamikaren aurreneko printzipioa energiaren berrerabilgarritasuna da –energia ez baita sortzen ez deuseztatzen, eraldatu egiten da–; dena den, badago energia mota bat ezin dena ehuneko ehunean beste batean eraldatu. Picallok azaltzen duenez, «energia kantitatea mantendu arren, bihurketako galeren ondorioz, kalitatea degradatu egiten baita». Kalitate hori exergia moduan neurtzen da, eta horixe da termodinamikaren bigarren printzipioa eta termoekonomiaren oinarria.

«Termoekonomiaren helburua da exergia suntsiketa horiek saihestea eta eraikinetan energia kalitaterik ez degradatzea», azaldu du ikertzaileak.

Konplexutasuna

Eraikinak sistema konplexuak dira, haren hitzetan, izan ere, «oso dinamikoak dira eta zailtasun handiak dituzte, besteak beste, erabiltzaile bakoitzaren beharrak kontrolaezinak direlako aldiro»; horrez gain, beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira, hala nola kanpoaldeko giroa. Ikerketa honetan hainbat erabiltzaile eta funtzionamendu modu batzen dituen software moduko bat garatu dute. Exergia suntsiketen gastuak kalkulatu dituzte aurreneko aldiz eraikinetan.

Eraikinetan energia mota ezberdinak erabiltzen dira. Batetik, argiztapen eta etxeko tresnen elektrizitate eskariak kalitate altua du, eta argindarra erabiltzen da asetzeko; bestetik, beroa eta halako eskariak kalitate baxukoak dira. «Bigarren kasuan [beroaren eskarian] kalitate altuko energia mota bat erabiltzen ari gara kalitate baxuko eskaria asetzeko, eta prozesu horretan exergia asko suntsitzen da», argitzen du.

Halakoetan, beste sistema batzuk erabili behar dira, hala nola energia berriztagarriak. «Ez da bideragarria kalitate baxuko eskariak kalitate altuko energia iturriekin asetzen jarraitzea», ohartarazi du Picallok. Beraz, gastuak murrizteko, energia iturri eta eskariaren arteko egokitasuna bermatu behar delakoan dago. Sorturiko software honekin eta bertan eginiko hobekuntzekin, eraikinen «optimizazioan» aurrerapauso garrantzitsu bat emango dela ziurtatu du.