GARA
sokatira

Goiherri eta Aker Okerrak, Nazioartekoan

Goiherri eta Aker Okerrak gaztetxoek, bi taldeak bizkaitarrak, bihar Junior mailako sokatira txapelketan parte hartuko dute Ingalaterrako Folkestone herrian. GENSB nazioarteko lur gaineko sokatira txapelketan, bizkaitarrekin batera Alemania, Ingalaterra, Holanda, Suitza eta Belgikako tiralariek parte hartuko dute.

Txapelketa honetan, kategoria bakar batean, 12 eta 18 urte bitarteko neska eta mutilek parte hartzen dute. Taldea osatzeko arauak aski bereziak dira. Talde bakoitzak, gutxienez, 7 tiralari eta gehienez 10 aterako ditu, eta taldekide guztien artean pisua 560 kiloan sartu behar da. Gainera, taldean ateratzen den neska bakoitzeko, pisuaren muga 10 kiloan igoko da, gehienez 600 kilora iritsi arte. 2019ko txapelketa honetan, BBK Fundazioaren lankidetzarekin aipatu ditugun Erandioko eta Mungiako klubek 25na neska-mutil aurkeztuko dituzte.

Aizkolariak, Gatikan

Euskal Herriko hirugarren mailako aizkolarien txapelketako lehen aukeraketa Ezkurran egin zen aurreko astean. Orain bigarren kanporaketa jokatuko da Gatikan, bihar, 12.30ean. Honako aizkolariek parte hartuko dute: Hermenegildo Herrera (Araba-Segovia), Alvaro Garcia (Araba-Segovia), Aritz Oregi (Bi), Ioritz Gisasola (Bi), Daniel España (Gi-Segovia), Unai Zabala (Gi), Iñigo Landa (Gi), Ibai Soroa (Na), Txomin Amundarain (Na), Jesus Etxeberria, Xuban Kañamares (Na) eta Julen Olano (Na). Lehenbiziko kanporaketan Xabier Orbegozo Arria V.a eta Luis Mari Polanko izan ziren finalerako txartela lortu zutenak. Bihar beste bik lortuko dute sari hori.