GARA
errugbia

Avironek etxera dakar Top 14 liga Clermont Ferrand hartuta

Top 14 liga, Estatu frantseseko errugbi liga gorena alegia, Jean Dauger zelaira itzuliko da gaur, 15.30etik aurrera. Baionako Aviron taldearen aurkaria Clermont Ferrand izango da. Lapurtarren nahia beren zelaia zalez betetzea da.

Elitera itzulera bikaina izaten ari da orain artean talde lapurtarrarentzat. Izan ere, Racing 92 taldearen etxean jokatutako ligako lehen partidan, 17-24 nagusitu zen Aviron. Garaipen horri esker, Baionako taldea bosgarren lekuan dago sailkapenean bigarren jardunaldi honen bezperatan. Gaur arratsaldeko bere aurkaria Ligako laugarrena da, lapurtarrekin launa puntura berdinduta. Aurreneko jardunaldian Stade Rochelais taldeari 28-10 nagusitu zitzaion. Neurketa hartan Peter Betham izan zen Clermont Ferrand taldeko izarra, bi entsegu erdietsia.

Baionako Avironek zaleak Jean Dauger estadiora hurbil daitezen lortu nahi du Top 14 ligaren itzuleran, eta, horretarako, 12.00etarako paella jana antolatu du. Horrez gain, haurrentzat jolasak eta beste zenbait ezusteko ere agindu ditu Avironek sare sozialen bitartez.