Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Sortu, itzuli... nork ulertzeko?

Urte batzuk joan dira ordutik. Hogeiren bat, esango nuke. Espainiako Barne Ministerioaren eta (euskal) munduaren arteko ika-mika sorrarazi zuen publizitate-kanpaina batez ari naiz. Drogak kaltegarriak direla, edo ez dutela onik egiten ohartarazi nahi zien Ministerioak gazteei, baina nola esan gazte bati kalimotxo bat edo porru bat txarra dela? «Txarra bada, etzazula hartu», esango dizu. Mezua zabaltzeko ardura eman zioten enpresak ondo zekien gazteei beren hizkeran egin beharra dagoela. Hainbat orduko bilera nekagarri batean, norbaiti bonbilla piztu zitzaion eta, bonbilla piztuta, bota zuen ideia distiratsua izan zen ezinbestean: “A tope sin drogas”. Guai. Txatxi. Ez zekiten, ordea, esleitu zieten lanaren parterik labainena egiteko zutela. Estatu espainoleko beste hiru hizkuntza ofizialetan ematea. Nola esaten da a tope euskaraz? Nork ezagutzen du euskaraz dakien norbait? Eta halako batean lortu zuten itzulpena, koinaturen bati edo lagun baten lankideren bati galdetuta: “Topera drogarik gabe”. «No me jodas –esan zuen Ingeles Filologia ikasitako batek–, hori gaztelania da», eta mundu akademikoan zituen harremanetara jo zuen, atsedenik hartu gabe. Horixe, ba! «Atsedenik ez drogarik gabe».

Azken urteotan badaude mezu hura baino hedapen handiagoa duten beste batzuk, eztabaida linguistikorako motiboa eman dutenak. Bat, “Ez ezetz da”, edo “Ez beti da ez”. Lehen bertsioak “Ez da ez” zioen, eta aldatu egin zuten. Kontua da jatorrizko bertsioa hauxe zela: “No es no”. Eta horrek ez zuen polemikarik sortu. Ulertzen da, badakigu zertaz ari garen, bai gaztelaniaz, bai euskaraz.

Beste bat. “Erasorik ez erantzunik gabe”. Erantzuna emanda, bai, ala?, esan genezake erretxin jarrita. Eta berdin gaztelaniaz: “Ni un solo ataque sin respuesta”. Hau ere akaso ez da oso zuzena, baina ulertzen da.

Denok ulertzen ditugu, ulertu behar dutenek izan ezik.