Andoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

Peruko mendi ezezagunetan katalanak esploratzen izan dira

Bi hilabeteko espedizioan eta lau sokakide ezberdinekin, Oriol Barok Cusco eskualdean zazpi mendi igo eta sei bide berri zabaldu ditu. Azpimarratzekoa da Tres Picos-en sortutako «Adrenaline» (ED+). Igo gabe zeuden bi mendiren lehen igoerak ere sinatu ditu.

Oriol Barok badu lotura berezia Andeetako mendiekin. Makina bat bidaia egin ditu. Batzuetan, helburu zehatz eta gogor bati ekiteko. Beste batzuetan, aldiz, esplorazioa izan da ardatza. Aurtengo bisita azken aldarrikapen horretan oinarritu da. Ferran Rodriguez, Guillem Sancho eta Jordi Marmolejorekin Cusco eskualdeko hiru mendilerrotan izan da: Vilcabamba, Vilcanota eta Urubamban.

Bi hilabeteko espedizioa izan da. Barok azpimarratu nahi izan digunez, eite guztietatik begiratuta arras interesgarria: «Cusco eskualdeko mendilerro horietan egin ziren lehen igoerak aspaldikoak dira. Hain zuzen ere, 60ko eta 70eko hamarraldietan egin ziren. Lasai asko esan daiteke ordutik bisita gutxi jaso dituztela. Jakina, mendi berriak igo nahi dituen edozein alpinistarentzat datu horrek badu xarma berezia. Ingalaterrako zein Ameriketako Estatu Batuetako ‘Alpine Journal’ aldizkarian informazio bila arakatzen izan ginen. Peruko eskualde horretako mendi gidari estatubatuar batek ere lagundu zigun. Aurreratu dezaket eremu hori esploratzeko irrikatzen nengoela. 2003. urtean, Peruko mendilerro nagusiko alderdi nahiko ezezagun bat bisitatu nuen. Eta han Cuscora joateko asmoa piztu zitzaidan».

Arrapaladan, alpinista katalanak esan digu alpinismoaren atal horretan, hots, esplorazioaren aldeko aldarrikapenean gustura sentitzen dela: «Batzuetan, mendi zehatz batean xede gogor batean jarduten dut. Baina aitortu behar dizut alpinismoaren esentzia hori, esplorazioarena, oso gustuko dudala. Ziur aski alpinismo hori bestea baino gehiago praktikatu dut. Bai Himalaian, bai Andeetan, baita Patagonian ere. Mendietara hurbiltzeko bideak bilatzeak asko erakartzen nau. Jakina, eskalada izaten da nire jardueraren muina, baina bidaia horietan bidean aurkitzen ditudan herriak eta herritarrak ezagutzea helburu dut. Alderdi horietan jendea bizi da garai batean nire etxean bizitzen zen bezala. Eta leku eta herri horietan asko gozatzen dut. Baina ziur aski arrazoi garrantzitsuena da alpinismo ekonomiko bat egiteko aukera ematen didala. Espedizio horiek egin ahal izateko dirua nire patrikatik ateratzen da; ez diot inori laguntza eskatzen. Eta gai horrek asko errazten du egin nahi duzuna».

Lehendabiziko emaitza hori bete zuen; eta bigarrena, hots, kirol arloarena ere biribiltzeko aukera izan zuen. Edo hobeto esanda, izan zuten. Arlo horren datu azpimarragarriena izan da zazpi mendi eta sei bide berri igo dituztela. Eta erabat argitu gabe badago ere, ziur aski zapaldu gabe zeuden bi tontor poltsikoratu zituzten. Adibidez, azken gailurra, Saksarayocekoa (5.940 m) hego aurpegitik igo zuten. Mendi horrek soilik igoera bat zuen, espedizio australiar batek 50eko hamarraldian egin zuena. Haran hori oso helezina da, eta horregatik alpinisten ohiko bideetatik at dago.

Barok berak argibide gehiago eman dizkigu: «3.400 metroko garaierara dagoen Yanama herritik heltzen zara. Hortik aurrera, Alejandro izeneko mandazainarekin joan ginen. Ez zuen bidea ondo ezagutzen eta zalantzak zituen mandoek zeramaten kargarekin handik igarotzeko aukera izango genuen. Ondoren, bide egoki bat bilatzen jardun genuen. Hasieran, zelai batzuetatik; eta, ondoren, glaziarretik. Igoera guztietan guk geuk bilatu behar izan dugu bidea. Adibidez, Saksarayocera joateko bidean zehar mugarriak utzi genituen».

Eraginkorrak

Bidaiaren lehen etapan, Barok Rodriguezekin eta Sanchorekin jardun zuen. Girora egokitzeko, adibidez, Pitumarcara joan ziren. Hain zuen ere, 4.000 metroko garaierara dagoen kirol eskaladako eremu batean izan ziren.

Lehen urratsa Vilcanota mendilerroan egin zuten. Pacchnatan mandoak kargatu eta, arestian aipatu dugun bezala, hurbilketa bide egokiena bilatzen izan ziren. 4.900 metrora zirela, kanpaleku nagusia antolatu zuten: «Pare bat bide berri zabaldu genituen; bigarrena, adibidez, izotzean zein mistoan luze oso gogorrekin. Nevado Ausaganteko mendilerroan izan ginen. Concha de Caracol mendian (5.640 m) ‘Pirenaica’ (MD+, 550 m) sortu genuen. Geure ustetan igoera interesgarria da, eta baldintza onek lagundu ziguten. Alderdia, bederen, bakartia zein basatia da. Asko gustatu zitzaigun, eta bide batez aipatu dezaket Vignemalen dagoen ‘Arlaud-Souriac’-en estiloa duela».

Inguru hartatik mugitu gabe, lasai asko esan dezakegu jarraian espedizio osoaren jarduera adierazgarriena (bederen, zailtasunaren ikuspuntutik) egin zutela. Tres Picos mendian (6.070 m) “Adrenaline” (ED+, 900 m) zabaldu zuten: «Oso zaila da, eta neurri handikoa. Jarduera oso luzea izan zen, eta bi luze oso gogor ditu. Inolako zalantzarik gabe, bide horren sekzio zailena izotzezko sabai ikusgarri bat da. Hotz handia jasan genuen, eta hura eskalatzeak ordu mordoa eskatu zigun. Baina, zorionez, egunean atera ginen. Hitz gutxitan esanda, igo gabe zegoen pareta batean kalitatezko marra bat atera zitzaigun».

Bi bide berri hauek zabaldu eta gero, hirukote katalana Cusco hirira jaitsi zen. Pare bat eguneko atsedenaren ondoren, berriro martxan ziren. Hurrengo helburua Vilcabambako mendilerroan dagoen tontor garaiena izan zuten: Salkantay (6.271 m). Mila metroko hormatzarra eskalatzeko gai izan ziren; hain zuzen ere, mendiaren hego-ekialdeko aurpegian. “Manjar rubio “ (ED, 1.250 m) izena hartu zuen sortutako bideak: «Bidaia horretan egin dugun ‘grand course’ azpimarragarriena izan zen. Marra berri batetik pareta erraldoi bat igo genuen. Jaitsiera ere ez zen gutxiestekoa. Ipar-ekialdeko ertzetik jaitsi ginen. Amaiezina izan zen; denera, 25 orduko jarduna».

Rodriguez, Sancho eta Barok elkarrekin egin zuten azken eskalada Urubambako mendilerroan izan zen. Chicon mendiaren (5.420 m) hego-mendebaldeko tontorrera daraman “Afumats” (MD-, 450 m) sortu zuten: «Igo gabe zegoen tontor horretara igo ginen. Bidea, berez, ez da azpimarratzekoa. Horretaz gain, Veronica mendia (5.682 m) ‘ohiko’ bidetik eskalatu genuen. Hori bai, aldaera batzuk eginez. Glaziarra atzera egiten ari denez, esan dezaket igoera hori nahasia eta arriskutsua dela».

Urubambako mendilerroan eginiko lanak amaitu eta gero, Rodriguez eta Sancho etxera itzuli ziren. Azken bi jarduerak Jordi Marmolejorekin egin zituen. Lehenik eta behin Surimani mendiaren hego aurpegian bide berri bat, “La flaca”, (MD) zabaldu zuten: «Cocor Sirvas gurekin izan zen. Lehen luzea zaila eta arriskutsua izan zen. Igo gabe zegoen mendi horretan 400 metro eskalatu genituen. Ondoren, Sacsarayoc mendiaren (5.960 m) hego aurpegian gure azken bide berria sortu genuen: ‘Pisco Sour’ (MD+, 800 m). Alpamayo bat da baina askoz ere handiagoa. Bide horren estiloak Chacrarajuren ‘Bouchard’-ekin antz handia du. Haran horretan gu izan ginen lehen bisitariak».