Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Puristak garbizaleari, ipurdi gizen

Esate baterako, «PPtik esan dute euskal PPren jarrera (Euskal Herriko PPtik? EAEkotik? Segoviakotik?) epela dela nazionalismoaren markoarekin» entzunda, ez dakigu Casadok edo Marotok esan duen, seguruenik EAEko PPko zuzendaritzako batek ez duela esan badakigun arren. Egiari zor, adibide kaskarra da, argi asko agertu baita Cayetana Alvarez de Toledo y Peralta-Ramos Casa Fuerteko markesa eta Madrilgo Gorteetako diputatuak esan duela. Bide batez, ez dakit non sumatu duen «nazionalismoaren markoarekiko epeltasuna»; izan ere, «euskal» peperoen «nazionalismoaren markoarekiko» hoztasuna ez da beste inon agertu; alegia, badirudi boto-emaile freskoago horiek ez dutela Ciudadanosen eta Voxen hozkailuetara jo, ez epelenek EAJren labera jo duten neurrian, ezta hurrik eman ere.

Arestian jarritako adibidea ez da onena, tira, baina sarritan entzun eta irakurtzen dira «Ehiztari Beganoen Elkartetik esan dutenez…», «halako alderditik hainbat ekimen bultzatu dituzte» eta gisa bereko esaldiak. Ez da gezurra izaten hau edo hura esan dutela (esan dutena maiz erdi gezurra edo gezur hutsa izaten den arren), ezta elkartetik edo etxetik hau edo bestea egin dutela ere. Baina nork esan du, nork egin du? Hainbat ekimen bultzatu dituzte alderdi horretatik, baina nork, alderdiak? Edo alderdiaren egoitzako ur ihesa konpontzera joan den iturginak?

Nire uste apalean (batzuon ustea apala baita; beste batzuena, berriz, egitatea), berriro ere, euskaraz mintzatu eta idaztean, erdarazko moldeak komeni baino gehiago erabiltzearen ondorio da esandakoa; alegia, gaztelaniaz horren maiz entzuten den hala moduzko «desde el Sindicato Democrático de Carmelitas opinan…» esamoldearen kalkoa.

Eta ez mesedez pentsa garbizalea naizenik. Purista, igual bai. Soziedadeko afalostean habanoa erretzen dutenetakoa.