Elkarreragingarritasuna
Hitzaren luzeraren neurrikoa da bere garrantzia. Baita egungo Interneteko zerbitzuen funtzionamendua iraultzeko duen indarra ere. Informazio-sistemez ari garenean, elkarreragingarritasunak (interoperability) sistema ezberdinek informazioa trukatu eta informazio hori erabiltzeko duten gaitasunari egiten dio erreferentzia. Eta menpekotasunik ezari, software librearen esentziarekin bat.
Posta-elektronikoa elkarreragingarritasunari bizkar eman gabe erabili ahal dugu nolabait. Berdin da zure mezuaren hartzaileak zein posta-zerbitzu erabiltzen duen. Berdin da lantokiko posta-helbidea den edo helbide pertsonala. Mezua iritsiko zaio. Eta erantzun ahal dizu.
Baina elkarreragingarritasunik eza egun indarrean dagoen «irabazle bakarreko ekonomia» digitalaren oinarri sendoetako bat da. Whatsapp bidez idazteko, hartzaileak Whatsapp erabili behar du. Berdin Twitterrekin. Eta Facebook, Instagram, Telegram eta gisakoekin. Hortik iristen gara «sarearen efektura»: zenbat eta erabiltzaile gehiago, orduan eta balio handiagoa du zerbitzuak. Horrek sortzen duen menpekotasun markoarekin. Pentsa egungo funtzionamendua nola aldatuko litzatekeen Whatsapp instalatu gabe Whatsapp erabiltzaile batekin komunikatu bazintezke. Hau da, nola irauliko litzatekeen «irabazle bakarreko ekonomia», menpekotasun horiek ezabatuko balira.
Berriki, Facebookek bere zerbitzuen elkarreragingarritasuna bultzatuko duela adierazi du. Horrekin, Instagram soilik erabiltzen duen erabiltzaile batek Whatsapp soilik erabiltzen duen beste batekin komunikatzeko aukera izango luke. Berdin Facebook sare sozialarekin. Horrekin, bere erabiltzaileen fidelizazioa indartuko du, Facebookenak diren zerbitzuen artean menpekotasuna gutxituz eta, era berean, Facebook sare sozialaren gainbehera moteltzen saiatuko da.
Horregatik guztiagatik, sistemen arteko elkarreragingarritasuna da GAFA laukoteak (Google, Apple, Facebook eta Amazon) bakoitzak bere aldetik duen monopolioa eta boterea erregulatzeko proposatu den bideetako bat. Jakinik, nekez emango dela pauso hori. Hitzaren luzeraren neurrikoa baita bere eragina ere.

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
