Ion T. BARRENA
DONOSTIA
Entrevista
ITZIAR ITUÑO
AKTOREA

«Euskal zinean uzta ona da, telebistan basamortua dago»

Itziar Ituñok (Basauri, 1974) jaso du aurtengo Ulialde elkartearen Ramon Labaien saria. «La casa de papel» telesailak munduko zati handi batean oso ezagun egin du bizkaitarra, baina oinak lurrean dituela jarraitzen du, «Goenkale»-n hasteko Fagorreko lana utzi zuen hark hemen jarraitzen duela dio.

“Hil kanpaiak” pelikula grabatzen ari da egun hauetan, baina Donostiara sartu-irtena egin du Ulialde elkarteak ematen duen Ramon Labaien saria jasotzera. «Ilusio handia» egiten diola dio, «norberaren etxean sari bat jasotzea beti ilusio handiz hartzen da». Zinemaldia jarraitzeko aukerarik izan duen galdetuta, «oso gutxi», dio, baina “La trinchera infinita” ikusi duela eta «pila bat» gustatu zaiola.

Agian, horrekin eskatu ahal dizut zuzenean zure apustua Zinemaldirako...

Uste dut irabazi egin behar duela, ez dakit Zinemaldian baina sari asko jasoko ditu, ziur.

Euskal uzta oparoa da?

Zineari dagokionez uzta ona da, ari dira gauzak egiten eta oso gauza majoak. Esango nuke loratzen ari dela euskal zinema. Baina telebistan ezin dut gauza bera esan, telebista basamortu itzela da euskarazko fikzioari dagokionez. Ez dakit egitasmo berririk egingo den, baina ni zain nago, Euskal Herria ere zain dago eta euskal aktoreak zain gaude. Eta antzerkiaz, zer esan? Ba beti krisian...

Telebistako gabezia horren garrantzitsua iruditzen zaizu?

Pentsa! Gaur egun moda-modan jarri diren serie guzti horiekin eta plataforma berriekin uste dut telebista tradizionalak atzean gelditzen ari direla. Jendea ohiturak aldatzen ari da, ez dakit norantz goazen baina kezka dut gure hizkuntza txikiak mundu horretan zer leku daukan. ETB1, tamalez, dagoen moduan dago... Lehen bageneukan zer ikusi, orain gero eta gutxiago, gero eta errepikapen gehiago... Telebista euskaraz ikusteko aukera gehiegirik ez dago. Eskaintza horren murritza baldin bada, panorama ez da oso ona.

Ziur aski erantzutea gutxien gustatzen zaizunaz galdetu behar dizut, famaz. Nola daramazu?

Oso kontu arraroa da. Lehen motxila bat hartu eta Txilera joan gura nahi bazenuen arazorik gabe egin zenezakeen, eta orain ezin duzu, zeren kristo guztiak ezagutzen zaitu.

Euskal Herrian eta kanpoan antzekoa da fenomenoa?

Antzekoa da, bai; lehen ez. “Goenkale”-n nenbilenean ez, baina “La casa de papel” fenomeno bezala itzela izaten ari da. Gaztetxoak etorri ohi dira: «Raquel Murillo! Argazki bat!’».

Eta Euskal Herrian ez al daude Raquel baino Nekane [«Goenkale»-ko ertzaina] deitzen zaituztenak?

Bai, herri txikietan bai. Lehengoan Ondarroan etorri zitzaizkidan: «Nekane Beitia! Zer egiten duzu hemen?». Eta ilusioa egiten dit, egia esan.

Boikot saiakera izan zen «La casa de papel»-en hasieran, zuk presoen etxeratzearen alde egin izan duzulako, nola ematen zaio buelta horri?

Ez dakit buelta ematen zaion edo nekatu egiten diren... Saiatu dira beste pare batean berriz ere berreskuratzen boikot hura, hirugarren zatia estreinatu zenean, baina ez zuten lortu. Nik uste momentu batean jendea nekatu egiten dela... Ez naiz bakarra, Gotzon Sanchezi pasa zaio, Miren Gaztañagari, Willy Toledori... kasu pila bat daude. Baina uste dut jendea hasi dela konturatzen horrela ez goazela inora.

Hala ere, asmo txarrak hor jarraitzen du, sorgin ehiza badago, baina badakit non bizi garen...

«Bella Ciao» kantu politikoa da [polemika izan da]?

Jakina politikoa dela! Partisanoena da! Antifaxista totala, Mussoliniren aurkakoa... Horregatik aukeratu zuten seriean erabiltzeko. Batzuk ariko dira kantatzen zertan ari diren jakin gabe. 'Fatxa'-ren bat edo beste ere aritu da kantuan, serieko kantua zelakoan eta ereserki antifaxista bat zela jakin gabe. Baina bueno, ondo dago lau haizetara zabaltzea eta gazteek ikasi izana. Ondo dago, kanta dezatela!

Irakurri dut nonbait Fagorreko lana utzita joan zinela «Goenkale»-ra, nola izan zen hori?

Casting bat egin nuen Fagorren lanean sartu baino lehen; AEKn nenbilen orduan, amaitzear, Sakontzen urratsean. Oso urduri egin nuen proba “Goenkale”-rako eta ez ninduten hartu. Gero, deitu ninduten bazeukatela pertsonaia bat niretzako, ea joan ahal nintzen Miramonera proba egitera. Nik lana neukan, baina lankideek, jubilatzear zeuden gizon majo euskaldun batzuek, esan zidaten, «‘Goenkale’-rako? Bueno-bueno, egin ezazu hanka hemendik! Ipini gaixo edo dena delakoa eta zoaz casting hori egitera eta ea hartzen zaituzten!». Joan nintzen, sukarra nuela esanda edo (gezurra) eta hara, hartu egin ninduten. Lankideak pila bat poztu ziren.

Eta famaren aparretik begiratuta, non dago Fagor utzi eta Goenkalera joan zen hura?

Ba hemen! Hemen nago, hemen nago! Nik oinak lurrean. Adin honekin jada tontakeria gutxi bizitzan. Badakigu zertzuk diren gauza inportanteak. Lanean egun batean zortea izan ahal duzu eta hurrengoan ez. Beraz, aprobetxatu behar da olatua baina mareatu barik, non zauden jakinda eta aurrera.