Asier AIESTARAN
Piraguismoa

Zilarrezko domina Ander Elosegirentzat Munduko Txapelketan

Irundarrak bigarren amaitu zuen C1eko finalean eta moralez beteta helduko dadatorren urteko Olinpiar Jokoetara. Laugarrenez parte hartuko du jokoetan.

Ander Elosegik zilarrezko domina irabazi zuen La Seu d´Urgelleko piraguismo eslalomeko Munduko Txapelketan. Palista irundarrak jaitsiera bikaina egin zuen C1eko finalean. Ez zuen akatsik egin eta maisuki nabigatu zuen 91.35eko denbora egiteko. Marka bikain hori Cedric Joly frantziarrak baino ez zuen gainditu (90.84) eta poza sekulakoa izan zen gipuzkoarrarentzat. Hirugarren izan zen Luka Bozic esloveniarrak osatu zuen podiuma, 91.92ko denborarekin.

Elosegi izan zen lehen euskal kirolaria atzokoan La Seuko kanalera uretaratzen, eta irundarrak sendotasunez egin zion aurre finalerdietako jaitsierari. Basque Teameko palista eroso sentitu zen hasieratik, eta erakutsi ohi duen teknika finarekin jardun zen atzo ere. Finalerdietan jaitsiera garbia burutu zuen eta zazpigarren amaitu zuen, finalerako txartela eskuratuz.

Txartela bakarrik ez, postu horrek Tokioko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko txartela ere eman zion Elosegiri. Gainera, gizonezkoetan lau olinpiar jokotan lehiatuko den lehen kirolari euskalduna izango da Elosegi. Irungo palistak hiru olinpiar diploma ditu dagoeneko: laugarren izan zen Pekinen 2008an, laugarren Londresen 2012an eta zortzigarren Rio de Janeiron 2016an.

Bestalde, eta aipatutako garaipen zerrenda sekulakoa izan arren, atzokoa Elosegiren lehen domina da banakako lehian Munduko Txapelketa batean. Mundial honetako irekieran beste zilar bat eskuratu zuen baina taldekako lehian. Horrez gain, Elosegik brontze bat irabazi zuen 2016ko Europako Txapelketan eta beste hiru domina Munduko Kopetan.

«Oso kontent»

«Oso kontent nago egindako lanarekin, dena borobil atera da», adierazi zuen pozarren Elosegik proba amaitutakoan. «Gaurko helburua finalerdietan emaitza ona lortu eta finalean sartzea zen, horrek Tokion egoteko txartela emango zidalako. Baina behin finalean egonda ahalik eta maila onena eman nahi nuen, eta halaxe izan da. Pozik nago horregatik eta presioa ongi kudeatu dudalako», gaineratu zuen irundarrak.

«Banekien denbora oso ona zela eta dominetan egoteko modukoa, baina oraindik 6-7 palista falta ziren irteteko eta denak oso onak. Horregatik nahiago izan dut lasai egon proba amaitu arte», azaldu zuen zilarrezko dominak eman zion probaz.

Chorraut ere Tokion izango da

Maialen Chourrautek ere bere laugarren olinpiar jokoetarako txartela lortu zuen atzo, nahiz eta bere egun onena izan ez. Lasartearrak azken unera arte itxaron behar izan du finalerdian finalerako txartela lortu ahal izateko, txandaren bukaeran Lafont frantziarrak akatsa egin arte, hain zuzen ere. Horrek hamargarren postua eman dio eta horrekin batera K1eko finalera igarotzeko txartela eta datorren urtean Tokion egoteko aukera. Maialenek ez du zigorrik izan finalerdietako jaitsieran baina ez da azkarra izan, azkarrena izan den Rikarda Funk alemaniarrak lortutako denboratik 4.72 segundora amaitu du.

Finalean, berriz, epaileek oso zalantzagarria izan zen 50eko zigorra jarri zioten 20. atean. Dena den, zigor hori kontuan izan gabe ere Chourraut ez zen dominen borrokan sartzeko bezain azkarra izan (148.11). Eva Tercelj esloveniarrak bereganatu zuen urrea (94.27), Jessica Fox australiarrak zilarra (94.69) eta Luuka Jones zeelandaberritarrak brontzea (94.77).A.A.