Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Senperena, piano hutsez; arrunta dena alboratu, berebizikoa denaren atzetik

Piano hutsez konposatutako abestiez osatu du bere azken lana Joserra Senperena musikariak. Bere hamargarren lana da «Existentzia minorrak», eta hirugarrena instrumentu honetaz soilik baliatuz egiten duena. Gogoz bueltatu da, gogoa zuelako pianoaren soiltasunera itzultzeko, gainerako guztia alde batera utziz. «Zentzu guztietan» bakarrik dagoela aitortu du: bera eta pianoa. Eta lanaren atzean ez dago ez managerrik, ez diskoetxerik. Autoprodukzioa da.

Arima biluzten du pianoaren aurrean Joserra Senperenak (Donostia, 1965), librea da, askea. Eta entzuleak hegan egiten du bere akordeekin. Piano soila, hutsa; beste ezer ez du behar alboan osatzeko. Osoa delako. Ez da ezeren falta sumatzen. “Existentzia minorrak” lanak argia ikusi du orain, udazkenarekin batera. Neguan hasi zen konposatzen eta udaberrian grabatu zuen, iragan maiatzean Victoria Eugenia Klubean.

Biluzi eta jantzi, musikaz, piano akordeez. Eskuak bata bestearen atzetik bizkor eta arin kateatuz josten ditu melodiak musikari donostiarrak. Hamargarrena duen disko honetan, hirugarrena piano hutsez, bakarrik dator. «Bakarrik nago zentzu guztietan», aitortu zuen aurkezpenean. Aurreko lanak kolektiboak ziren, hau indibiduala eta autoeditatua denez, atzean ez dago ez managerrik ez diskoetxerik. Joserra Senperena dago aurrean zein atzean.

Eta gogoz dator, gogoa zuelako hala bueltatzeko. «Instrumentazio handiko diskoak ziren aurrekoak, banuen gogoa bakarrarekin egiteko. Pianoaren soiltasunera itzuli nahi nuen».

Mugarik gabe musika egin

Konposizio garaiak iraun duen bitartean 25 pieza egin ditu, eta aurretik bazituen bospasei berreskuratu ditu; horietatik guztietatik azkenean hamasei aukeratu ditu albuma osatzeko. “Elkarren orbainak”, “Kanibalak!”, “Ekaitza”, “Nomadak, jakin gabe” eta “20:30” dira, besteak beste, kanten izenburuak.

Horren inguruan azaldu zuenez, Euskadiko Filmategiak Buster Keatonen zikloa antolatu zuenean, “The navigator” filmaren proiekzioan musika zuzenean jartzea eskaini zioten, eta Senperenak aukera onartu zuen ezbairik egin gabe. Hain zuzen, “Existentzia minorrak”-erako pare bat pieza berreskuratu ditu. «Diskoa egiten ari nintzela ezin nituen pelikula hartako eszenak burutik kendu», aitortu zuen.

Jotzean bezala, konposatzean ere librea da, apropos gainera. «Saiatzen naiz mugarik gabe musika egiten, ez dut kontuan hartu nahi musika estilistikorik; hori ez zait interesatzen ez musikari bezala, ez eta entzule bezala ere», azaldu zuen. Zentzu horretan, «entzulea tranpan erortzea nahiko nuke», erantsi zuen; alegia, ez dezala pentsatu estilo hau edo bestea entzuten ari denik. Entzun eta nabigatu.

Diskoari izena jartzeko garaian, David Lapojaude filosofo frantsesaren “Les existences moindres” liburuan inspiratu da. «Izenburu horrek oso ondo definitzen du diskoan dagoena». Egile honek, 1930eko liburu batean oinarrituz, agerian ez dauden gauzen balioa goraipatzen du. «Agerian egon ez arren existitzen diren gauza horiek», alegia. Ezagutzen ez dugunak duen potentzialtasuna interesatzen zaio, eta hori oso ideia interesgarria iruditzen zait. Artistak berebizikoaren atzetik egon behar du, arrunta dena alboratuz –uste du Senperenak–. Artistak gauza horien defendatzaile izan behar du».

Bere musikaren norabideaz galdetuta, hasperen egin du, «nork daki» erantzunez. Zaila da jakitea, ezinezkoa. Musika klasikoa ikasi zuen, eta urte luzez aritu da pop-a egiten (Duncan Dhu, La Buena Vida, Bide Ertzean, Rafa Berrio…). Orain, «doinuari arnasa eman» diola dio, «harmonia zabaldu» du eta «grabitatea kendu».

Hori ba, flotatzera.