Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

«Hondarrak», barreneko beharrei erantzunez idatzitako eleberria

«Tupa» Xabier gaztearen ezizena da, ETAn sartzean hartua. Kartzelatik hasiko da bere familiaren memoria eta belaunaldiak josten, dituen hondar horietatik istorioa osatzen. Julia ama eta Pilar amatxiri ere ahotsa jarriko die. Eta kartzelako bizipenekin batera, Uxue herria, izan zena eta dena… hondarrak hor ere. Post-gatazkaren hondarrak bizitzen ari garen honetan, barrenean zuena ateratzeko beharra sentitu du bere eleberriarekin Ruben Sanchezek.

Babarrun plater on batek eskatzen duen bezala, mimoz eta astiro kozinatutako liburua izan da “Hondarrak” (Txalaparta). Azken ia zazpi urteak horretan eman ditu Ruben Sanchez Bakaikoa gasteiztarrak. Idatzi, zuzendu, findu, ezabatu, errepasatu, berriro idatzi, ezabatu… kontrastatu, iritziak entzun, aholkuak eskatu… dagoeneko liburu-dendetan dago.

Barrenetik idatzitakoa da barrenean zuena atera duelako. Galderak, pentsamenduak, sentipenak eta ikuspuntuak ere bai. “Tupa” Xabierren ezizena da, ETAn sartzean hartua. 80ko hamarkadan hartuko du bide hori, baina berehala atxilotuko dute eta urte mordo bateko kartzelazigorra ezarriko diote. Espazio itxi horretatik, ordea, mundua nola aldatzen doan kontatuko du protagonistak. Dioenez, askok dute pertsona bat gertu halako egoera batean, familian, auzoan, kuadrillan… Euskal Herriko gatazkak bere bizitzan eragina izan duela aitortzen du.

«Post-gatazkaren hondarrak bizitzen ari garen honetan barruan nuena ateratzeko beharra sentitzen nuen. Kontzientzia dugunetik gatazka hor egon da, eta barruko galderak plazaratu nahi izan ditut», adierazi dio GARAri.

Tuparen erretratua gaur kartzelan dituen edo bertan egon diren lagunen bidez osatu du. Elkarrizketak, solasaldiak, konfidentziak… pertsonaia fikziozkoa izan arren, kontatzen diren pasadizoak egiazkoak dira.

Baina Tuparena ez da eleberriko ahots bakarra. Pilar amatxiak eta Julia amak presentzia handia dute. Zergatik paper hori eman? «Belaunaldien arteko transmisioa asko interesatzen zait. Gauza batzuk ailegatzen dira hurrengo belaunaldira, beste batzuk bidean gelditzen dira… hondarrak», esan du.

Protagonistak ahalegin bat egingo du, hain zuzen, hondar horiek jaso eta istorioa osatzeko. Tuparen beraren kartzelatzeak, gainera, apurketa dakar belaunaldi katean, eten bat. «Belaunaldi berriari segida eman beharrean, espetxean dago», adierazi du. Eta zaharraren eta gaztearen artean, harrapatuta, Julia ama.

Bi emakume eta herri bat

Eleberriko amatxi Pilar Sanchezen egiazko amatxi Pilar da. Omenaldi bat egin nahi izan dio; duela urte batzuk oroimena galtzen hasi zen eta gelditzen zaizkion bizipenak aspaldikoak dira, ez da memoria gaurkotu bat. Urte luzez bizitakoaren hondarrak hauek ere. Liburua, hain zuzen, aukera ona izan da hark bizitakoa jasotzeko.

Modu deliberatuan aukeratu ditu bi emakume transmisioa irudikatzeko, oro har, tradizioz, emakumeena izan delako «betebehar» hori, ohiturak, usadioak eta moduak hurrengoei irakastea.

Tuparen kartzelako uneak Uxue herriarekin nahastuko zaizkio irakurleari; Nafarroako herria bera da beste protagonistetako bat. «Amatxi hangoa dut, eta handik ere hondarrak gelditzen dira. 1.500 lagun izatetik gaur egun 100era ez dira ailegatzen, amatxirena zen etxea abandonaturik, zutik mantendu ez eta eraitsi behar izan zuten… azkenean Tupa gauza askotaz hitz egiteko aitzakia baino ez da. Eleberriak helduleku asko dituela esango nuke. Nobela koral bat da, familia baten belaunaldiak aztertzen ditu preso baten begiradatik», azaldu du idazleak.

Bertsolaritzaren ahozkotasunetik idatzira jauzi egin du, paperaren sendotasunera. Bi asmo argi zituela: «Gatazka eta Uxue, amatxiren mundua». Horietatik hondarrak gelditzen direla-eta, jolas egin du hitzarekin. Jolas, izenburura eramateraino. Hala da bere lehen eleberria: “Hondarrak”.