Irteera zailak Bidasoa eta Bera Berarentzat Europan
Irundarrek Lisboan jokatuko dute eta donostiarrek Errumaniako Brasov hirian.

Partida zailak jokatuko dituzte gaur Bidasoa-Irunek eta Super Amara Bera Berak Europako lehiaketetan, biek etxetik kanpo. Irundarrek Lisboan jokatuko dute Txapeldunen Ligako partida 18.30ean, bertako Sporting talde entzutetsuaren aurka. Donostiarrek EHF Kopako bigarren kanporaketako joaneko neurketa jokatuko dute Errumaniako Brasov hiri ikusgarrian 17.00etan hasita.
Bidasoari dagokionez, gaurkoa ligaxkako laugarren norgehiagoka izango da eta oraingoz gauzak ezin hobeto doazkie gipuzkoarrei, hirutik hiru irabazita. Lisboako Sporting, ordea, aurkari benetan gogorra izango da. Portugaldarrak bi garaipen eta porrot batekin daude sailkapenean, baina final-zortzirenetara sartzeko faboritoen artean daude, besteak beste, iaz ere lortu zutelako hori.
«Jokalari indartsuak dituzte, oso fisikoak, eta horretan badute Cuencaren antza», nabarmendu zuen atzo Jacobo Cuetara entrenatzaileak, asteazkenean menderatu zuten Asobal Ligako aurkaria gogora ekarriz. «Talde konpletoa da, tituluak irabazteko egina», gaineratu zuen.
Eta izen bat aipatzean, Carlos Ruesga azpimarratu zuen Cuetarak, San Antonion jardundako antolatzaile bikaina. «Une zailetan erantzukizuna hartzen duen jokalaria da. Ederki ezagutzen dugu elkar, asturiarra da, eta taldearen jokoa bizkar gainean hartzera ohitua dago».
Brasov: punta-puntako jokalariak
Bera Berari dagokionez, CSM Corona Brasov taldearen pistan emaitza on bat lortzen saiatu beharko du, itzulerako deman, datorren larunbatean 17.00etan Gaskan, kanporaketa gainditzeko aukerei eutsi ahal izateko.
Errumaniako eskubaloi liga oso indartsua da emakumezkoetan, eta Corona Brasov punta-puntako jokalariz josita dago. Lehen lerroan Cristina Laslo, Eliza Buceschi, Patuleanu, Tirca edo Bucur aipa daitezke, gehienak selekzioarekin nazioartean esperientzia dutenak. Atepean eta hegaletan ere badira gorengo mailan ibilitakoak, Tymoshenkova ukrainarra edota Neagu beteranoa, esaterako.
Pentsatzekoa da, gainera, errumaniarrak sasoi betean daudela, ligan sei partida jarraian irabazita baitzeuden asteartean Buzau taldearen aurka galdu zuen arte. Ea zalantza horiek baliatzen dituen Bera Berak.
Eta amaitzeko aipatu behar da Anaitasunak, Huescan 19.30ean, eta Zuazok, 19.00etan etxean Valladoliden aurka, ligako neurketak dituztela gaur.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
