gara, donostia
Segura

Hamalau bikote 43. Euskal Herriko Dantza Txapelketan

Gaur arratsaldean hasiko da, 18.00etan Seguran, Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 43. edizioa. Bertan hamalau bikotek hartuko dute parte, denak gipuzkoarrak, eta denak mistoak, bi neskaz osatutako bakarra izan ezik. Iaz Xabier Artolak eta Idoia Besadak hirugarrenez irabazita, Irurara eraman zuten garaikurra. Aurten diseinu berria aurkeztuko dute.

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 43. edizioa izango da gaur arratsaldean Segurako Baratze pilotalekuan.

1977. urtean egin zen lehenengo txapelketa Seguran, eta ondorengo urteetan herrialdez herrialde egin zuen salto, 1981ean Guillermo Areizaga alkateak urtero herrian egitea eskatu zuen arte. Ordutik Goierriko udalerrian egiten da. Urte hauetan guztietan ekitaldiak aldaketak izan dituen arren, denboran irautea lortu, eta lehiaketa prestigiotsu bihurtu da, batez ere Gipuzkoako dantzarien artean, bertakoak baitira parte hartzen duten bikote gehienak. Izan ere, bi bikote bizkaitar kenduta (Zaldibarko Alkorta lehengusuak 1979an, eta Santurtziko Lander Campos eta Haizea Hormaetxea 2013an), beste irabazle guztiak gipuzkoarrak izan dira.

Garaikur berria

2018ra arte Nestor Basterretxeak egindako garaikurra ematen zitzaien garaileei, zeinak txapelketaren sorreratik hainbat diseinu sortu zituen bere borondatez. Txapelketan ohitura da irabazleen udalerriak garaikurra hurrengo urtera arte gordetzea, hurrengo irabazleei emateko, lekuko gisara. Badago salbuespen bat, ordea: bikote batek hiru aldiz jarraian irabaziz gero, garaikurra udalerri horrentzat da betiko. 2018an Xabier Artolak eta Idoia Besadak hirugarrenez irabazi zuten eta Basterretxeak egindako azken garaikurra Irurara eraman zuten. Hala, ziklo hori itxi ostean, garaikur berria egiteko enkargua Aitor Ruiz de Egino hernaniarrari egin zioten.

Lehiaketaz gain, Dantza Eguna ospatuko dute aurten, duela hiru urteko esperientzia ona aintzat hartuta. Horren baitan, plaza dantzak eta bazkaria egingo dituzte.