Asier AIESTARAN
PILOTA

Altuna finalerdietan da laugarren urtez segidan

Partida oso bizi eta ikusgarria jokatu zuen Jakaren aurka Eibarren, eta kostata lortu zuen garaipena.

JAKA 19

ALTUNA III.A 22


Jokin Altuna da aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketan finalerdietara sailkatu den lehen pilotaria. Amezketarrak 19-22 menderatu zuen Erik Jaka atzo Eibarren, txapela kentzeko moduko neurketan, eta laugarren urtez jarraian egongo da kaiolako lau pilotari onenen artean.

Altuna oso ongi sartu zen partidan. Sakez, horma-bikoz eta gantxoz egin zituen neurketako lehen hiru tantoak eta 0-3 aurreratu zen aitaren batean. Baina azkar ikusi zen Erik Jaka ere sasoi betean dagoela: egoerari buelta eman eta 4-3 aurreratu zen beste tanto sorta eder batekin –horma-bikoz lehena eta gantxoz laugarrena, esaterako–.

Hala ere, hortxe iritsi zen lizartzarraren lehen oparia. Sakearekin arriskatu nahian, motzegi geratu zitzaion. Altunak sakea berreskuratu zuen eta bi aurrelariek oso bizi jokatzen jarraitu zuten. Jakak bazekien tantoa azkar bukatzea komeni zitzaiola eta Altunak ere ez zion muzin egin airez arriskatzeari.

Joko azkar horretan sartuta, Altuna izan zen markagailuan aldeak irekitzea lortu zuena. Lehenik lau tanto bikain segidan eginda 6-7tik 6-11ra joan zen, baina Jaka gai izan zen txokoan pilotak bihurritu eta dema 12-12 berdintzeko.

Baina Altunak sei tantoko beste partzial bat sinatu zuen jarraian, 12-12tik 12-18ra ihes egiteko. Une horietan Jakak beste opariren bat egin zion Altunari, baina batez ere amezketarrak asmatu zuela esan behar da. Neurketa oso alde zeukan.

Deigarria da, adibidez, horren azkar eta bizi jokatuta, bien artean 26 tanto egin zituztela jokoan eta beste hiru sakez. Galdutakoak, aldiz, hamar bakarrik izan ziren jokoan eta Jakak saketik egindako falta. 54 minutuan 295 pilotakada jo zituzten.

Ikuskizuna, beraz, bete-betekoa izan zen Eibarren, eta neurketa borobiltzeko emozio apur bat bakarrik falta zen. Eta hori ere iritsi zen ondoren. Izan ere, Jakak barruan zeraman indar eta kemen guztia atera eta 19-21 hurbiltzea lortu zuen.

Altunak, ordea, ez zuen barkatu eta txokoan luze jotako pilota batekin itxi zuen «erritmo handiko» norgehiagoka, amezketarrak berak amaieran onartu zuen moduan. «Airea kendu nahi nion eta horrekin apur bat itsutu naiz, presaka jokatu dut une batzuetan», aztertu zuen Jokinek bere jokoaz.

«Bi irakurketa desberdin egiten ditut. Batetik, ezin dut pozik egon galdu egin dudalako eta une batzuetan opariren batzuk egin dizkiodalako. Baina bestetik uste dut partida ona jokatu dudala, txapeldun handi bati arazoak sortu dizkiot», esan zuen txartela Peio Etxeberriaren aurka jokatuko duen Jakak.