Larreko Mahaia sortu dute Gipuzkoan, klima larrialdiari aurre egiteko
Belaunaldi arteko elkarlana ardatz hartuta, neurri zehatzak mahairatu ditu: tartean, erraustegia martxan jartzeko plana bertan behera uztea eta eragile sozialekin elkarrizketa bermatzeko mahai bat sortzea.

Klima eta ingurumen larrialdiari aurre egiteko plataforma berria sortu dute Gipuzkoan. Donostiako Kristina Enea parkean aurkeztu zuten atzo, komunikabideen aurrean, egungo krisi ekologikoarekin eta planetaren zein jendartearen etorkizunarekin «kezkatuta» dauden Gipuzkoako eragileek osatu duten Larreko Mahaia. Horien artean daude CCOO, LAB, Steilas eta EHNE sindikatuak; Greenpeace, Extinction Rebellion eta Eguzki talde ekologistak; Ernai gazte antolakundea; eta Zubietako erraustegiaren aurka urteotan sortu eta ibilbidea osatu duten kolektiboak (Erraustegiaren Aurkako Mugimendua eta GuraSOS).
«Belaunaldi arteko elkarlanean eta transbertsalitatean» oinarritutako mahaia dela nabarmendu zuten Larreko Mahaiko ordezkariek, eta helburu bateratu baten alde lan egingo dutela iragarri: «Gizartea izan dadila larrialdi [klimatiko] hau kudeatuko duena, erabakitzeko eta kontrolatzeko ahalmen osoarekin, ordezkaritza politikoaren menpe izan gabe».
Adierazi zuten larrialdi ekologiko eta klimatikoa «ukaezina» dela eta «sistema auzitan jarri gabe ezin» zaiola irtenbiderik eman. Horregatik, eta mundu mailan zabaltzen ari den sentsibilizazioa aprobetxatuz, Gipuzkoan «ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko dituen ereduaren aldaketarantz herritarrak aktibatu eta presioa eragiteko» sortu da plataforma.
Hondakinen kudeaketa
Hala, eta «planetaren tenperatura igoera 1,5 graduz azpitik mantentzeko», aldaketa zehatzak proposatzen dituzte; kasurako, kontsumoa murriztu eta ekoizpen kontsumo gertuagokoak garatu, mugikortasuna birplanteatu garraio publiko eta kolektiboa sustatuz, eta energia produkzioa zein erabilera aldatu, CO2 sortzen dutenak eta nuklearrak itxiz.
Arreta berezia jarri zuten hondakinen kudeaketan, larrialdi ekologikoan «eragin zuzena» duela eta: «Oso garbi daukagu: erraustegiak klima aldaketa areagotzen du eta gainera gipuzkoarren osasunarentzat mehatxu larria da». Horren aurrean, nabarmendu zuten alternatiba hondakinen hierarkia zorrotza jarraitzea dela: murriztu, berrerabili, birziklatu eta geratzen den errefusa tratatu.
Herrialdeko instituzioei dei egin zieten, beraz, Zubietako erraustegia martxan jartzeko plana bertan behera uztera eta eragile sozialekin elkarrizketa bermatzeko mahai bat sortzera, «hondakinen arazoari denon artean irtenbide egokiena bilatu ahal izateko».
«Ez dugu onartzen errausketa bidez hondakinen arazoari irteera faltsua ematea. Ezin dugu onartu milaka tona CO2 eta NOx, klima aldaketaren sortzaile diren gasak, isuriko dituen instalazio bat», ohartarazi zuen plataforma berriak.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
