GARA
IRUÑEA

«Gorria», flamenkoa eta bertsoa eskutik helduta

Bi estreinaldi hartuko ditu aurten Iruñeko Bertsoaroa jaialdiak. Bata, «Gorria», flamenkoa eta bertsoa uztartzen dituen ikuskizuna eta bigarrena, «Urpekakariak», haurrei zuzendutako antzezlana.

2019ko Bertsoaroa jaialdiak bi ikuskizunen estreinaldia hartuko du: lehenak bertsoak eta flamenkoa uztartuko ditu; bestea, haurrei zuzendua da. Horrez gain, bertsolari ezagunak eta promesa gazteak izanen dira, eta lantegi eta hitzaldi bana ere eskainiko dira. Beste berritasunetako bat, hauxe: lehen aldiz, programari hasiera zein amaiera emanen dioten bertso errezitaldiak Nafarroako Antzerki Eskolan izanen dira. Julio Soto, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Uxue Alberdi, Alazne Untxalo eta Joanes Illarregi bertsolariak arduratuko dira Iruñeko Udalak –Nafarroako Bertsozaleen Elkartearekin elkarlanean– antolatutako zikloari hasiera emateaz, azaroaren 5ean, asteartearekin, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19.30ean.

Programak zortzi proposamen eskainiko ditu azaroaren 26a arte. Emanaldi guztietarako sarrera doakoa da, azaroaren 16koa izan ezik –Sanduzelaiko Civivoxen–, zeina Udalaren euskarazko haurrendako programazioan ere sartzen den.

Proposamenak

Azaroaren 7an flamenkoa eta bertsoak uztartzen dituen “Gorria” ikuskizuna estreinatuko dute Miren Amuriza bertsolariak eta Askoa Etxebarrieta dantzariak Kondestablen (19.30), eta azaroaren 12an hitzak eta bertsolaritza batzen dituen “Bertsoaren harria” eskainiko dute Koldo Izagirre idazleak eta Aimar Karrikak eta Maddalen Arzallusek. Azaroaren 13an “Bertso jasa, bat-bateko jolasa” haurrei zuzendutako lantegia eskainiko dute Saioa Alkaizak eta Haritz Mujikak, eta etxeko txikientzat izanen da, halaber, azaroaren 16an Lierni Hernandezek eta Eneko Arratek antzeztuko duten “Urpekakariak” ikuskizuna.

Amaitzeko, azaroaren 19an “Auskalo zeinek jarriak” bertso musikatuak (Eñaut eta Unai Agirre kantari eta Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikari) izanen dira, hilaren 21ean gazteen bertso errezitaldia eta 26an bertso jaialdia.